Volver atrás

Mikel Asiain: «Aprobetxatu behar dugu hausnartzeko zer motako hezkuntza sistema nahi dugun»

Elkarrizketa Naiz Irratian

    Mikel Asiain Mikel Asiain

    Barne krisia ez bada, desadostasuna bai behintzat exekutiboko koaliziokideen artean. Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntza Kontseilari eta PSNko kideak, itunpeko ikastetxeetan gelak ixtearen beharra berretsi du, jaiotza tasaren jaitsiera argudiatuta. Erabakiak haserrea eragin du, besteak beste, ikastoletan, euskararen aurkakoa delakoan. Esparru politikoan ere, Geroa Baik bere kontrakotasuna agertu du publikoki eta zentzu honetan, ikasgelak itxi ordez, baldintza berriek eman ditzaketen aukerak baliatzera deitu du Geroa Baiko parlamentari Mikel Asiainek, «aprobetxatu behar dugu hausnartzeko zer motako hezkuntza sistema nahi dugun». 

    «Sistema osoak begirada berri bat behar du», Asiainek nabarmendu duenez, «horrexegatik proposatu dugu halako hausnarketa sakona egitea jakiteko noraino heldu nahi dugun. Ratioak sartzen ditugu hausnarketa horretan baina bestelako baldintzak ere bai». Jaiotza tasaren jaitsieraren errealitateari soilik ikasgelak itxiz erantzun ordez, bestelako eredu bat aztertzera deitu du Geroa Baiko ordezkariak, azken urteetako zerga-bilketan izandako emaitza positiboak baliatuz, «eskatu dugu urtebeteko luzamendu bat aurtengo aurrematrikulazioa aurrera ez eramateko, baizik eta hausnarketa horretan sartzeko». 

    Eskaera horri erantzunik ez diote eman momentuz PSN eta Contigo Zurekin gobernukideek. «Hitz egiten» ari direla dio Asiainek, aurreratuz helburua dela aipatu bi alderdiekin eta gobernuari parlamentutik babesa ematen dion EH Bildurekin akordioa lortzea. UPNk lege proposamen propioa eramango du ganberara ostegun honetako osoko bilkuran. 48 orduren faltan, Asiainek ziurtatu du «irtenbide bat bilatzeko» denbora badagoela. 

    Euskarari eta jarduera parlamentarioari erreparatuz, zonifikazioarekin amaitzea helburu nagusien artean izaten jarraitzen duela esan du Geroa Baiko kideak, baina gaur gaurkoz ez duela halakorik bermatzen aritmetika parlamentarioak, «behin baino gehiagotan esan dugu gure jarrera zonifikazioaren aurka dagoela, desagerpenaren alde gaudela. Baina une honetan parlamentu honetyan ez dugu gehiengorik hori bideratzeko». 

    Iruzurraren aurka 

    Herritar askoren buruhauste nagusi bilakatu den etxebizitza arloan ere Geroa Bai, PSN, Contigo Zurekin eta EH Bilduren talde parlamentarioek etxebizitzaren erabilpenaren bermerako foru-legea proposatu dute, alokairua erregulatu eta lege urrapenei berme gehiagorekin heltzeko. Asiainek azpimarratu du proposamen honen helburuetako bat gehiegikerien aurka egitea dela, maizterra babestuz. «Bereziki bideratuta dago aldi baterako kontratuei, iruzurrari bidea ixteko eta bestalde gelen alokairua hein batean arautzeko. Etxebizitza osoa alokairuen erregimen bera bete beharko dute», azaldu du. 

    Etxebizitza arloan egindako politikak defendatu ditu, hauen eranginkortasuna epe luzean nabarituko delakoan, epe laburreko premiak handiak direla onartzen badu ere. 

    Koldo auziaz 

    Ustelkeriagatik espetxeratutako Koldo Garciaren deklarazioa Auzitegi Gorenean izan da berriki eta amaitzear behar luke aurki, ustelkeria kasu honi lotutako balizko nafar adarraren ikerketa batzordea Foru Parlamentuan. Garcia poliziaren informatzailea izan zenik pentsatzen duela ukatu gabe, bere iritzia eman du Geroa Baiko Mikel Asiainek, «hemendik pasa zen ere Koldo Garcia, hemen ikertzen ari direnekin lotura zuelakoan, baina ez zuen gehiegirik esan, ez zuen ezer argitu». 

    Entzun elkarrizketa hemen

    Suscríbete a nuestra newsletter