Volver atrás

Pablo Azcona: "Euskararen erabilera sustatzeko, gizartea nola mobilizatu daitekeen adibidea da Euskaraldia"

    Pablo Azcona Pablo Azcona

    Pablo Azconaren hitzaldia:

    Gaur, maiatzak 15, Euskaraldiaren laugarren edizioa hasi da. Hamaika egunetan zehar euskararen erabilera aktibatu nahi duen mugimendu soziala eta bere helburuan, hizkuntza-ohiturak aldatzea eta euskaraz gehiago aritzea lortzea dituena.

    Gaur, kontrol saio honetan, euskararen erabilera soziala areagotu nahi duen ekimen hau azpimarratu nahi dugu Geroa Baitik. Bere ikuspuntua, partaidetza boluntarioan, sentsibilizazioan eta ekintza indibidual zein kolektiboan oinarritzen da. Ekimen honek irauten duen egunetan zehar, Nafarroan milaka lagunek euskaraz gehiago hitz egiteko pausoa emateko erabakia hartu dute, naturaltasun gehiagorekin entzuteko, eta hitz egiten dutenek bere bizitzako esparru guztietan egin ahal izatea errazteko: etxean, lanean, kalean, dendetan, administrazioan.

    Zalantzarik gabe, euskararen presentzia sozial handiago baten alde lan egin behar dugu erakundeetatik, aukerak sortuz, hala nahi duenak esparru sozial guztietan erosotasunez erabili ahal izateko, eta ildo honetan kokatzen da hain zuzen ere Euskaraldia.

    Ezaguna da ere Nafarroako Gobernuak Euskaraldiaren laugarren edizio honekin bat egin duela. Gainera, pasa den martxoan Exekutiboak ‘Taupa Euskaltzaleen Mugimendua’ elkartearekin hitzarmena berritu du Foru Komunitatean euskararen erabilera bultzatzeko.

    Horregatik guztiagatik, Foru Exekutiboak ekimen honi buruz eta sinatutako hitzarmenari buruz egiten duen balorazioa jakin nahi dugu.

    Foru Exekutiboak ekimen honi emandako babesa modu positiboan baloratzen dugu, eta gaur, Euskaraldia abian jartzen den egun honetan, kohesio sozialerako ekintza kolektibo moduan duen balioa eta gure kultura-aniztasunaren errespetu eta promozio moduan ere duen balioa azpimarratu nahi dugu Geroa Baitik Parlamentu honetan. 

    Egunerokoan euskararen erabilera sustatzeko gizarte bat positiboan nola mugitu daitekeenaren adibidea da Euskaraldia, inposaketarik gabe, boluntarioki, enpatiaz eta herri partaidetzatik. Helburua ez baita hizkuntza bat hitz egitea bakarrik, baizik eta gure nortasun elkarbanatuaren, gure historiaren eta gure geroaren funtsezko zati moduan aitortzea.

    Nafarroa lurralde anitza da. Eta horregatik hain zuzen ere, Euskaraldia bezalako ekimenek gure artean gehiago entzutera deitzen gaituzte, elkar gehiago ulertzera eta elkarrekin aurrera egitera. Euskararen erabilera eguneroko bizitzaren esparru guztietan sustatzea, hizkuntza aniztasunaren eta bizikidetzaren aldeko apustua da.

    Parlamentu honetatik, eta Nafarroako Gobernutik ere, hizkuntza aniztasuna sendotzen duten eta herritar guztien artean jokabide ireki, begirunetsu eta inklusiboak sustatzen dituzten politika eta programak babesten jarraitu behar dugu, eta horixe da Euskaraldia.

    Azkenik, Geroa Baitik, euskara ulertzen duten herritarrei ekimen honekin bat egiteko deia egiten diegu, Ahobizi edo Belarriprest moduan parte har dezaten.

     

    Suscríbete a nuestra newsletter