Itzuli

1978ko Sanferminetako gertakizunekin eta Germán Rodríguezen erailketarekin harremana duten dokumentuen desklasifikazioa eskatu du berriro ere Geroa Baik

Solanak ziurtatu duenez 45 urte dira jada edozein demokraziatan oinarrizkoak diren elementuak eskatzen, egia, justizia eta erreparazioa eskatzen alegia

    María Solana María Solana

    1978an Iruñean jazotako gertakizunekin harremana duten dokumentu guztien desklasifikazioa eskatu du beste behin ere Geroa Baik, gertakari horietan poliziaren tiroek hil baitzuten Germán Rodríguez.

    María Solana Diputatuen Kongresurako hautagaiak ziurtatu duenez “45 urte dira jada bere burua demokratikotzat duen edozein gizartetan oinarrizkoak diren elementuak eskatzen, egia, justizia eta erreparazioa bezalako elementuak alegia”.

    “Estatuko Administraritzari egiaren eta justiziaren bidean oztoporik jar ez ditzan eskatzen jarraitzeko” Geroa Bairen konpromisoa agertu du Solanak, horretarako “eskubideen urraketa larriekin harremana duten dokumentu guztien desklasifikazioa” eskatuz, “horien artean Germán Rodríguezen erailketarena 1978ko Sanferminetan”.

    “1978an Iruñean jazotako gertakizunei dagokienez Estatuaren aldetik behin eta berriro egon den eragozpen-jartzea eta ezkutaketa” gaitzetsi ditu Diputatuen Kongresurako hautagaiak. Horrela, Sekretu ofizialen Lege frankista ordezkatzeko Espainiako Gobernuak onartu duen Klasifikaturiko Informazioaren Lege aurreproiektua aipatu du horren azken adibide moduan, izan ere 65 urtera arte luza daitezke “Estatu sekretuak” deritzonen desklasifikazio epeak, “biktimen familiei egia eskaintzeko duten borondate politiko eza agertuz eta, are gutxiago, justizia eta erreparazioa eskaintzekoa”. “Azkenean kaxoian amaitu duen legea, atzerapenak eta adostasun falta medio”, gogorarazi du Solanak.

    Honen aurrean, Geroa Bairen hautagaiak antolakunde memorialistikoen, Giza Eskubideak defendatzen dituzten elkarteen eta pertsona partikularren lana aitortu eta eskertu nahi izan du, hamarkadetan zehar inposatu den inpunitatearen aurka borrokan jarraitzen baitute urtez urte.

    Izena eman gure buletina jasotzeko