Itzuli

2020 urteko terrazen tasa bertan behera uztearen alde agertu da Baztango Geroa Bai

Interbentzio txostenak agertzen duen irregulartasun larria salatu du koalizioak, 2019 urtean Udalak terraza-joko guztiak kobratu ez zituela frogatzen baita

    Baztango Geroa Baik ostalaritzaren terrazak jartzeko bide publikoaren okupazio tasak ez kobratzeko Alkatetzaren proposamenaren alde agertu zen atzoko osoko bilkuran. Koalizioaren aburuz proposamen hau positiboa da, “ostalaritzaren sektorea baita Covid-19ak eragindako krisialdi ekonomikoaren ondorioak gehien pairatzen ari dituen sektoreetako bat, nahiz eta bakarra ez izan”. Baztango Geroa Baik, egungo osasun egoera dela eta, neurri hau 2021 urterako ere luzatzea proposatu du.

    Hala ere, Baztango Geroa Baik bere kezka azaldu 2020ko tasak bertan behera uzteko alkatetzaren proposamenarekin batera aurkeztutako Udalaren interbentzio txostenak agertu duen informazioaren aurrean. Txostenaren arabera, Udalak kontzeptu honengatik 2019an kobratutakoa 634,66€ izan ziren. Terrazen okupazioarengatik kobratzen dena kontuan izanik, mahai bat eta lau aulkiko terraza-jokoa 32,95 eurokoa izanik, Baztan osoan 19 terraza-joko kobratzen ari direla ondorioztatzen da.

    Geroa Bairen arabera, “datu hauek errealitatetik urrun dagoen kopurua ematen dute, ez 2020koa, egoera berezia izan dela baitakigu, baizik eta 2019 urteari dagokionez, izan ere denok dakigu Baztanen 19 terraza-joko baino gehiago instalatu direla bide publikoan urte horretan”.

    Interbentzio txosten honek agerian uzten du, Baztango Geroa Bairen arabera, “egoera irregular larria egon dela, Udalak berak onartutako tasak ez kobratzeko arduragabetasuna egon dela frogatzen baita”. “Egoera hau aspalditik datorrela baieztatu digu interbentzioak, irregulartasun honen larritasuna areagotuz”, azpimarratu du koalizioak. Halaber, “zergak bizilagun batzuei kobratzea eta beste batzuk salbuestea bidegabekeria bat dela” salatu du. “Eta azkenik, gobernu taldearen aldetik (Baztango EH Bildu eta Baztango Ezkerrak osatua eta duela 10 urte baino gehiagotik hona agintean) egondako kontrol eza agerian geratu da, pasa den legegintzaldia 3 zinegotzi liberatu zituelarik eta gaur egun 2,5 dituelarik, horregatik gure iritziz ez dago kontrol gabezia hau justifikatu dezakeen azalpen zentzudunik”, nabarmendu du.

    Horregatik guztiagatik, “2020ko tasa kobratuko den edo ez alde batera utzita, bide publikoa erabiltzen duten ostalariekin, haien terrazak jartzeko bide publikoa erabiltzen dutenen zerrenda erregularizatu eta eguneratu dadin” eskatu du Geroa Baik, bai eta “horietako bakoitzaren terraza-joko kopurua ere”.

    Izena eman gure buletina jasotzeko