2020ko Nafarroako aurrekontuak modu positiboan baloratu ditu Geroa Baik, aldaketarako ondoz ondoko bosgarren aurrekontuak
Koalizioaren arabera, ezberdinen arteko elkarrizketaren emaitza dira eta Legegintzaldiarekin jarraitzeko bidea markatzen dute
Geroa Baik modu positiboan baloratu du gaur goizean 2020 urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorren Foru Legea onartu izana, 2015etik hona Nafarroan aldaketarako jarraian onartu diren bosgarren aurrekontuak alegia.
Kontu hauek ezberdinen arteko elkarrizketa prozesu baten emaitza izan dira eta Legegintzaldiarekin jarraitzeko egonkortasun bidea markatzen dute. Geroa Baik onartutako kontuen izaera soziala azpimarratu nahi du, eragin berezia izan baitute Osasungintzan, Gizarte Ongizatean eta Hezkuntzan, koalizioarentzako berebiziko garrantzia duten esparruak alegia, horietan arreta berezia jarri dugularik. Zehazki, aurrekontu hauek 2015ean birrantolatutako zerga politikak finkatzen dituzte eta gizarte politika horiei tinkotasuna ematen dieten diru sarrerak finkatzea ahalbidetzen dute.
Zentzu honetan, aurreko legegintzaldiko kontuekiko bide kontinuista erakusten dute zerbitzu publikoen defentsari eta zorraren kontrolari dagokienez, aldi berean gizarte orekan, hizkuntza aniztasunean eta oroimen politiketan arreta berezia jarriz.
Elkarrizketarako gaitasuna
Geroa Baik, gobernuaren sostengu den eta gobernu ardurak dituen heinean, lan berezia hartu du azken testua hobetu eta sendotzeko zuzenketak aurkezten, lurralde oreka beti begi bistan, toki azpiegituretan inbertsioak proposatuz Nafarroako iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera.
Hori izan da Geroa Baik aurkeztutako zuzenketen helburua, bai eta beste taldeekin batera aurkeztutakoena ere, horrekin gainera, ezberdinen arteko akordioaren, elkarrizketa gaitasunaren eta negoziazioaren balioa azpimarratuz, beti akordioetara iristeko helburuarekin, horrela Nafarroa, behin berriro ere, Estatuko gainontzeko lurraldeentzako erreferente politiko bihurtuz.
Oraindik asko egiteko eta hobetzeko dagoela jakinez, eta autokonplazentzian erori gabe, Geroa Bairen aburuz, onartu berri diren kontuek norabide zuzenean jartzen dute Nafarroa eta gurea bezalako komunitate konplexu eta anitz bat errealismotik, akordiotik eta seriotasunetik kudeatzeko tresna dira.