2020ko Sanferminak bertan behera uztea beharrezkoa eta egokia dela deritzo Geroa Baik
Data berriekin espekulatzen ez aritzea eta indar guztiak osasun krisialdia gainditzeko eta bertatik ateratzea prestatzeko erabiltzea eskatu du udal taldeak
2020ko Sanferminak bertan behera uztea beharrezkoa eta egokia dela deritzo Geroa Baik gaur udal gobernu taldeak prentsaurrekoan hori bera iragarri ondoren.
Udal taldearen aburuz, “Iruñea ez dago mundu osoan beste jaialdi handiak bertan behera uzteko erabili diren irizpideetatik kanpo” eta, horregatik “arduraz eta administraritza konpetenteek zein Munduko Osasun Erakundeak ezarritako jarraibideei kasu eginez jokatu beharra dugu, pertsona guztien osasuna lehenetsiz, bertakoak edo bisitariak izan”, azpimarratu du Patxi Leuzak.
Geroa Baiko zinegotziak nabarmendu duenez, “neurri honek herritar askorengan sor dezakeen atsekabea ulertu eta gure egiten dugu ere”, baina “egoera hau gainditzeko denon ausardia eta esfortzua handiagoak” direla berretsi du.
Horregatik, data berriekin espekulatzen ez aritzea eta indar guztiak osasun krisialdia gainditzeko, babes soziala sendotzeko eta hiriko ekonomiaren suspertzeko lan egiteko erabiltzea eskatu du udal taldeak.
Azkenik, Geroa Baik Maya alkateari gogorarazi dio udal taldeen arteko koordinazioa eta lankidetza funtsezkoa dela ahalik eta eraginkortasun handienarekin jarduteko.
Patxi Leuza