Itzuli

2023 urterako Nafarroako aurrekontu orokorrei aurkeztutako zuzenketen bitartez Geroa Baik lurraldearen egituraketa finkatzen du

Koalizioaren parlamentu taldeak 90 zuzenketa propio baino gehiago erregistratu ditu, bai eta beste taldeekin partekaturiko beste 40 inguru

    2023 urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei aurkeztutako zuzenketen bitartez Geroa Baik lurraldearen egituraketa finkatzen du. Koalizioak 90 zuzenketa propio baino gehiago erregistratu ditu, bai eta beste taldeekin partekaturiko beste 40 zuzenketa inguru. Zuzenketa hauen bitartez, parlamentu taldeak 4,3 milioiko balioa duten proposamenak eta proiektuak aurkeztu dizkio Foru Komunitateko kontuei.

    Modu honetan, Geroa Baik aurreko urteetan hasitako lanari jarraitzen dio, kontuei aurkeztutako proposamenekin lurraldetik hurbileko eta udal esparruko lanari eutsiz eta aurrekontuetan parte hartzeko beste modu bat badagoela frogatuz, hamarkadetan zehar Nafarroako Kontu Orokorretatik kanpo egon diren udal askorentzako inbertsioak mesedetu baititu.

    Geroa Baik bultzaturiko proiektuak, Nafarroako geografia osoan barreiaturiko 50 toki erakunde baino gehiagotara iristen dira, besteak beste kirol azpiegituretan hobekuntzak ekarriz, haurrentzako parkeak, udal lokalen egokitze lanak, edo irisgarritasunerako eta mugikortasuna hobetzeko ekintzak proposatuz.

    Aurkeztutako zuzenketek gainera trantsizio ekologiko eta energetikoan beharrezkoak diren aurrerapausoak mesedetzen ditu, eredu sozial eta ingurumenarekiko jasangarria den bat lortzeko helburuarekin, eraikinen zaharberritze lanetan ekintzak proposatuz, eraginkortasun energetikorako proposamenak, autokontsumoarentzako inbertsioak edo Bordablanca Ekonomia Zirkularrerako eta Lurralde Garapen Jasangarrirako Parkea, Agoitzen.

    Alor sektorialean, kirol asoziazionismoari bultzada ematearen alde egin du Geroa Baik, ekitaldien bitartez turismoaren promoziora bideraturiko proposamenekin edo emakumezkoen Ermitagaina Txirrindularitza Klubarentzako bezalako laguntzekin. Kanpo Ekintzara eta Memoria eta Bizikidetzara bideraturiko partidak nabarmentzen dira ere (gazteak eta memoria uztartzen dituen proiektu batekin), bai eta esparru kulturalean ere (Artzibarreko aztarnategi arkeologikoa edo Euskal Artzainak Ameriketan elkartea).

    Beste parlamentu taldeekin batera aurkeztutako zuzenketei dagokienez, Nafarroako Gobernuko Departamentu gehienetan partidak hobetzera bideratu dira, garrantzia bereziarekin kultura eta kirol alorrean, euskaran, gazteria politiketan (udako gazte kanpamentuak edo ongizate emozionala eta buruko osasuna), Garapen Ekonomiko eta Enpresarialean edo Eskubide Sozialetan, eta Berdintasun alorrean elkarte ezberdinek emakume etorkinekin burutzen ari duten lanari egiten zaion errefortzua ahaztu gabe, genero indarkeriaren esparruan edo jarduera sozial eta politikoan adin guztietako emakumeen partaidetzan.

    Azkenik, Geroa Baik nabarmendu nahi izan du aurrekontu akordioak Nafarroan 2015 urteaz geroztik eman den egonkortasun politikoa egiaztatzen duela, gehiengo aurrerakoi eta plural baten akordioari esker modu jarraian onartutako zortzigarren aurrekontuak izango direlarik hauek.

    Izena eman gure buletina jasotzeko