Itzuli

2024 urterako aurrekontuei buruz Ibarrolak egindako proposamena seriotasun gutxikoa dela deritzo Geroa Baik

Koalizioak ziurtatu duenez, “negoziatzen hasteko orri zuri batek ez du ezertarako balio UPNk ez badu gehiengo politiko ez sozialik”

    Koldo Martínez eta Mikel Armendariz Iruñeko Geroa Baiko zinegotziek bilera egin dute gaur Cristina Ibarrola alkatearekin, azken honek eskatuta, datorren urterako Udaleko aurrekontuei buruz hitz egiteko.

    Udal aurrekontuak adosten hasteko orri zuri bat aurkezteko Cristina Ibarrolaren eskaintzaren aurrean, Iruñeko Geroa Baiko zinegotziak uste dute “seriotasun gutxiko proposamena dela, gertatzeko zaila izateaz gain”. Zinegotziek ziurtatu dutenez, “negoziatzen hasteko orri zuri batek ez du ezertarako balio UPNk ez badu gehiengo politiko ez sozialik”.

    Iruñeko Geroa Bairen arabera, “ezerezean geratuko den proposamena da, eta partaidetzara irekirik dagoela argudiatzen saiatzeko erabiliko du Ibarrolak hori”. “Partaidetza faltsua gainera, udal talde jakin batzuei ireki baitzaie, baina ez denei”, kritikatu du.

    Halaber, Martínezek eta Armendárizek “Iruñeko bizilagunen ongizatearekin konpromiso tinkoa” agertu dute, eta horretarako dei sendoa egin dute 2024 urterako aurrekontuak lortzeko beharra dela eta. “Ongi landutako aurrekontuak behar ditu Iruñeak, denekin adostuak, izan ere funtsezkoak dira  gure hiriaren garapena sustatzeko eta bere bizilagunen beharrei erantzuteko”, defendatu dute. Ildo honetan gogorarazi dutenez, “UPNren gobernu taldeek urteak daramatzate udal aurrekontuak onartzeko ezgai”.

    “Aurrekontu batzuk aurrera atera ahal izateko beharrezkoa da gehiengo politiko eta soziala edukitzea, eta uneotan Cristina Ibarrolak edo UPNk ez dute horrelakorik”, ziurtatu dute Iruñeko Geroa Baiko zinegotziek. “Adostu daitezkeen aurrekontu-politiken egonkortasuna eta eraginkortasuna bermatuko duen adostasun sendoa behar da”, gaineratu dute.

    Azkenik, Iruñeko Geroa Baik gogorarazi du “Iruñea oparo eta parekide batekin konprometiturik” dagoela. “Negoziazio prozesu serio eta eraikitzaile batean parte hartzeko prest gaude, talde guztiei irekia, eta alde guztiei gauza bera egin dezaten eskatzen diegu”, amaitu du adieraziz koalizioak.

    Izena eman gure buletina jasotzeko