Adimen Artifizialaren Ikerketa Zentroa errealitate bihurtzearen garrantzia aldarrikatu du Geroa Baik
Koalizioak pasa den legegintzalditik bultzatu duen konpromiso garrantzitsua dela azpimarratu du María Solana parlamentariak

Gaur aurkeztu den Adimen Artifizialaren Ikerketarako Nafarroako Zentroaren garrantzia eta hori azkenean errealitate bihurtzeko burutu den lana aldarrikatu ditu Geroa Baik. María Solana parlamentariak azpimarratu duenez, “ekimen hau, Geroa Baik pasa den legegintzalditik bultzatu duen konpromiso garrantzitsua da; Foru Komunitatearen etorkizuneko garapenean zutabe izan daitekeen eta izan beharko duen horren aldeko apustu tinkoa alegia”.
Solanak gogorarazi duenez, “pasa den legegintzaldian hasi ginen zentro horrek izan behar zuena lantzen; 2019ko gure hauteskunde programa sartu genuen proposamena izan zen, bai eta Nafarroa Suspertu Planaren baitan ere”. “Gure helburua beti izan da zentro publikoa, punta-puntakoa, aitzindaria eta nazioartekoa sortzea; adimen artifizialaren alor nagusietan bikaintasunezko ikerketa zentro bat, Europa mailan eta mundu mailan erreferentziazko zentro bihurtzeko”, azaldu du.
Geroa Baiko parlamentariak nabarmendu duenez, “legegintzaldi honetan zehar, zetro hau gaur errealitate izateko helburuarekin sustatu ditugun ekimenak asko izan dira”. “Pozik gaude, espresuki egindako jarraipen baten ondoren, gure erronka nagusietako bat eta herritarrekin hartu genuen konpromiso bat legegintzaldia amaitu baino lehen betetzea lortu baitugu”, gaineratu du.
Solanak ziurtatu duenez “adimen artifizialaren alorrean Nafarroak marko globalean lehiatzeko aukera du. Zentro teknologikoak ditugu, enpresa berritzaileak eta, garrantzitsuena, giza kapitala. Kualifikazio handiko langileak ditugu, gaur egun adimen artifizialaren panoraman erreferentzia nagusienetako batzuekin, esaterako zentroko Zuzendari Zientifikoa den Humberto Bustince”.
Zentzu honetan, parlamentariak ziurtatu du “lanean jarraituko” dutela, “orain arte egin izan dugun moduan, zentro honentzako finantzaketa maila handiagoa lortzeko”, azpimarratu du.
“Gizartearen zerbitzura eta giza interesaren zerbitzura egongo den adimen artifiziala modu integralean garatzeko, Administraritza Publikotik lan hori zuzentzeko gai izan behar dugu, eta beti gure funtsezko eskubideekiko erabateko begirunetik”, amaitu du adieraziz Geroa Baiko parlamentariak.