Agoizko Gamesa lantegiaren itxierak kaltetutako pertsonei bere elkartasuna helarazi die Geroa Baik
Koalizioak bere kezka agertu du enpresaren erabakiak eskualdeko enpleguan eta jarduera ekonomikoak edukiko duen eraginagatik
Geroa Baik bere babesa eta elkartasuna helarazi die Agoizko Siemens Gamesa lantegiaren itxierak kaltetutako 239 langileei, bai eta eskualdeko toki erakunde eta kaltetutako eragile ezberdinei ere.
Koalizioak bere kezka agertu du enpresaren erabaki honek Nafarroako enpleguan eta jarduera ekonomikoan edukiko duen eraginagatik eta, bereziki eskualdean duen eraginagatik, eta erabaki horrekin COVID-19aren pandemiak Nafarroan sortutako krisialdi ekonomikoaren egoera areagotzen duela nabarmendu du.
Nafarroako Gobernuak aukera guztiak analizatzeko zorrotz eta tinko arituko denaren konfiantza agertu du, bai eta eskualdeko langileek duten egoera berri honi irtenbiderik hoberena emateko ere, berrikuntza, jasangarritasuna eta kalitatezko enpleguaren aldeko ikuspuntu eta planteamenduarekin egin ere.
Halaber, Foru Exekutiboak inplikatutako eragile guztiekin (enpresa, langileak, kaltetutako toki erakundeak eta Estatuko Gobernua) inplikaziorik handiena edukiko duenaren konfiantza du koalizioak, atzo Gobernuak hartutako konpromisoari helduz.
Azkenik, Geroa Baik trantsizio ekologikoaren eta energia berriztagarrien aldeko bere apustua berretsi du, S3an sektore estrategikoa baita eta Nafarroa duela 20 urtetik hona eskualde aitzindaria izan baita horien sustapenean, eta ekoizpen eta kontsumo eredu berrietara iristeko lanean jarraitzeko bere konpromisoa agertu du, bai eta jasangarritasunaren ikuspuntutik eta etorkizuneko belaunaldiekiko konpromisoarekin Trantsizio Energetikoa egiteko ere.