Itzuli

Ahalegin kolektiboa eta ezberdinen arteko adostasuna eskatu ditu Geroa Baik krisialdi une honetarako

Jasangarria eta berdea den ekoizpen sistema eredu berri bat diseinatzearen alde, europar bidearen alde eta digitalizazioaren aldeko apustua egin du Geroa Baik

    “Ahalegin kolektiboa” eta “ezberdinen artean batzeko eta adosteko” beharraren garrantzia azpimarratu ditu Geroa Bai, are gehiago pairatzen ari dugun krisialdi sanitario, ekonomiko eta soziala ditugun une historiko honetan.

    Zentzu honetan, Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramaileak azpimarratu duenez, “gaur inoiz baino beharrezkoagoa da ahalegin kolektiboa, talde-lana”. “Gutxirako balio du krisialdi honetatik denok elkarrekin irtetea desiratzea, elkarlanean aritzeko gai ez bagara”, ziurtatu du.

    Egungo osasun egoera dela eta, Geroa Baik ikasturte politikoari hasiera emateko bere ohiko ekitaldia bertan behera uztea erabaki du eta bere ordez bideo bat plazaratu du ikasturte berri honetarako koalizioko kide ugariren hausnarketak, proposamenak eta erronkak jasoz. “Ikasturte politikoari gure proposamenekin hasiera emateari ez diogu uko egin nahi Geroa Bain, baina hain ohikoak ez diren beste moduak bilatuz egin nahi dugu, aldi berean ohikoak bezain eraginkorrak baitira, eta une hauetan behar-beharrezkoak gainera”, ziurtatu du koalizioko bozeramaileak bere hizketaldian.

    Geroa Baik ikasturte berri honetan erakundeetan garatuko duen lanari dagokionez, lau erronka argi nabarmendu ditu Barkosek, hots: parekidetasuna eta justizia soziala krisialditik irteteko; erantzun eta baliabide sanitario eta zientifikoen gaineko kontrol publikoa; jasangarria den ekoizpen eredu berri baten diseinua; eta europar bidearen, digitalizazioaren eta politika berdeen aldeko apustua. “Europa ez da erantzuna, Europa apustu bat da”, ziurtatu du Barkosek.

    Bere aldetik, José Mari Aierdi Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak Geroa Baiko kontseilariek Gobernuko azken sei hilabeteetan garatu duten lana defendatu du, pandemiaren egoerari aurre egiteko zuzenduriko ekimen ezberdinak planteatu direla nabarmenduz. Hildo honetan, lehendakariordeak nahitaezkoa deritzo “krisialdi ekonomiko eta sozialari erantzuna emateko aurrera egitea”. “Jasangarritasuna, pertsonen garapena eta komunitate honek dituen baliabideen balioa azpimarratzean datza Geroa Baiko gizon eta emakumek egiten duten apustua”. Horrela, Aierdik Gobernuak jada martxan jarritako proiektu batzuk nabarmendu ditu, hala nola “asmo handiko Klima Aldaketaren Lege bat, ekonomia zirkularraren garapenerako agenda, industria sektoreari bultzada emateko proiektuak; etxebizitza plana, bai zaharberritzeko bai eta etxebizitza parke propioa handitzeko, gure komunitate osoari kohesioa emanez edo euskararen globalizazioa nafar gizarte osoaren ondare den heinean ere”. “Azken finean, gizarte honen arazoen aurrean Nafarroa hobe eta erantzun gaitasun handiagoarekin kokatuko duten proiektuak”, azpimarratu du Gobernuko lehendakariordeak.

    Unai Hualde Parlamentuko Presidenteak, osasun krisialdiaren une hauetan Foru Ganberak duen funtsezko papera nabarmendu du bideoan. “Legeak egin ahal izateko, dekretuak balioztatzeko eta Gobernuari beharrezko kontrol lanak garatzeko neurriak hasieratik hartu dira, Estatu osoan jarduera maila handiena eduki duen parlamentuak izan delarik”, nabarmendu du.

    Legegintzaldi honen bigarren ikasturte politikoari begira, Covid-aren aurkako neurriei dagokien eztabaida garrantzitsuak aurreikusi ditu Hualdek, bai eta aurrekontuak eta fiskalitateari dagokienez ere. “Geroa Bain elkarrizketarako gaitasuna eta ezberdinen arteko adostasuna beti izan dira gure ezaugarri, eta horrek egon beharko du ere Nafarroako Parlamentuko buruan datozen asteetan”, azpimarratu du Unai Hualdek, “gure komunitatearen ongizatearen alde ardura eta batzeko gaitasuna” eskatuz.

    Udal karguen ordezkaritzan, Jon Gondán Zizur Nagusiko alkateak krisialdi honetan udalek izaten ari duten garrantzia azpimarratu du, herritarretatik hurbilen dagoen administraritza baitira. “Suspertze sozial eta ekonomikorako neurriak hartu ditugu eta orain arduraz egingo diogu aurre txanpa berriari, denon artean pandemiari aurre egingo diogula konbentziturik”.

    Bere aldetik, Gaizka Navarlaz Gazteok Bairen izenean mintzatu da, gazteriak osasun krisialdian duen papera aldarrikatuz. “Enplegu bat lortzeko, emanzipatzeko edo proiektu edo jarduera ezberdinak normaltasunez garatzeko gure gaitasunarengan eragina du”, azaldu du.

    “Honek guztiak ezberdinen artean elkartzera eraman gaitu ere, helburu amankomun bat lortzeko helburuarekin: pandemia eta bere ondorioak arintzea. Eta horretan bizikidetzak funtsezko papera jokatzen du. Benetako eta ñabardurarik gabeko bizikidetzaren aldeko apustua gure egunerokoaren zati izan behar da”, ziurtatu du.

    Azkenik, Koldo Martínez senatari autonomikoak autogobernua nabarmendu du bere hizketaldian, gaur egun hain beharrezkoak diren neurri sozialetan sakontzeko modurik hoberena baita, eta inoiz baino gehiago COVIDaren ondorioen aurka borrokatzeko”. Autogobernu hori gainera, ziurtatu duenez, Madrilen bere senatari lanarekin defendatzen jarraituko du.

    Bere afiliatu eta zaleen artean banatu den Geroa Bairen bideoa amaitzeko, Bixente Serrano Izko Madrilen Geroa Bairen diputatu izandakoari omenaldia egiten zaio, pasa den ekainean zendu ondoren.

    Izena eman gure buletina jasotzeko