Itzuli

Aitana Duque Martinez, Vianako alkatetzarako Geroa Bairen hautagaia

    Aitana Duque Martinez (Viana, 1992) izango da Vianako Alkatetzarako Geroa Bai koalizioaren hautagaia. Ikusentzunezko Komunikazioan graduatua (Mondragon Unibertsitatea), gaur egun komunikazioaren mundua eta industria kimikoaren sektorea uztartzen ditu, Marketin Digitaleko Arduradun moduan lanean.

    Aitana Duquek bere ilusioa agertu du datozen hauteskundeetan eta lehen aldiz hautagaitzaren buru egotearekin, eta koalizioko kideei bere esker ona agertu nahi izan dien pauso hau ematera animatu izanagatik.

    Duque, Vianako gainontzeko geroabaikideekin batera, datozen lau urteetarako anbizio handiko hauteskunde programa baten idazketan lanean dihardu jada, bere ardatz nagusian udalerriko zerbitzu publikoen hobekuntzaren alde egiten jarraituko duelarik, horretarako garapen ekonomiko jasangarriaz baliatuz.

    “Vianako bizilagunen interes orokorrarentzako onuragarriak diren inbertsioak erakartzeko lanean jarraituko dugu Geroa Baitik”, ziurtatu du. “Bertako bizilagunentzako eta bisitarientzako Viana atseginago bat sortzen jarraituko dugu, gure udalerriko irisgarritasuna erraztuz eta gure ondare historikoa gordetzeko eta hari duintasuna emateko lan eginez”, azpimarratu du alkategaiak.

    Datorren legegintzaldiko erronken aurrean, “igerileku klimatizatua eraginkortasun eta jasangarritasun irizpideekin eraberritzea” lortu nahi du Vianako Geroa Baik, bai eta “Kirol Gunea, Vizcaina, Hezkuntza Zentroak, Polikiroldegia, Aterpetxea eta Donejakue Bidea lotzea erraztuko duen bidegorri bat eraikitzea” ere. Koalizioak bultzatuko dituen beste ekintzen artean, alor sozial, kultural eta gazte esparrukoak daude, bai eta “gure adinekoentzako arretarik hoberena bilatzea” ere.

    Halaber, duela lau urte markaturiko erronkak lantzen jarraitzeko beharra nabarmendu du Geroa Baik, eta Vianan euskararen normalizazioa bultzatzen jarraituko du.

    Vianako Geroa Baik datorren maiatzaren 28an Vianako herritarren konfiantza lortzeko asmoa du. “Vianako Geroa Bairen zerrenda osatzen dugun pertsona guztiok lantalde ona osatzen dugu. Esperientzia eta udal politikagintza ikusteko eta egiteko modu berriak uztartzen dituen lantaldea gara. Lan egiteko eta Vianaren beharrizanei erantzunak eta konponbideak eskaintzeko gogo handiak dituen lantaldea”, nabarmendu du alkategaiak.

    Legegintzaldiaren balantzea

    Vianako Geroa Baitik legegintzaldiaren balantze oso positiboa egin dute. Errekorreko legegintzaldia izan da, hiria hobetzeko 23 milioi baino gehiagoko inbertsioekin. Horietatik 7 milioi Udaletik bertatik kudeatu dira, besteak beste honakoak burutuz: argiztapena led sistemarekin aldatu, Navarro Villoslada, 8407 Hiriguneko Zeharkalea eta Serapio Urra kaleen konponketa, ikastetxean, institutuan eta haur eskolan konponketak, bai eta kirol instalazioetan edo haurrentzako parkeetan ere. Beste 16 milioiak beste administraritzek kudeatu dituzte, Nafarroako Gobernuak edo Estatuko Administraritza Orokorrak, eta ondokoetara bideratu dira: sail ureztatuak, edateko ura, elizaren konponketa eta Aras eta Recajoko errepideen konponketa. Inbertsioa garrantzitsua izanik ere, “ekonomikoko saneaturik dagoen Udal bat utziko dugu, zorrik gabe eta 2 milioi baino gehiagoko diru-kutxa soberakinarekin”, ziurtatu du Vianako Geroa Baik.

    Koalizioaren udal taldeak gainera, legegintzaldian zehar Geroa Bairen parlamentu taldearekin batera garatu den lanaren balantze oso positiboa egin du, lankidetza horren bitartez Vianan hobekuntza eta inbertsio garrantzitsuak burutu ahal izateko Nafarroako Aurrekontu Orokorretatik finantzaketa lortu baita. 

    Horrela, lan honi esker, 2020an futbol zelaietan bi aldagela berri eraikitzeko 75.000 euroko inbertsioa bultzatu zen.

    2021ean belar artifizialeko futbol zelaiaren ureztatze sistema aldatu zen (20.000 euro) eta PSNrekin batera egindako zuzenketa bati esker (160.000 euro) Navarro Villoslada kalea eraberritu zen. 2022an belar naturaleko futbol zelaiaren ureztatze sistema eta belarrezko estaldura guztia berritu zen, ezin erabili gabe 10 urte eman zituen zelaia baitzen (75.000 euro), eta  ibai paseoa eta Fuente Viejako ingurua atondu zen (15.000 euro).

    2023an, koalizioak zuzenketa garrantzitsu bat sartu du urte honetan zehar burutzeko. Vianako Printzea Kirol Guneko bi padel pistak modu integralean eraberritzeko eta horiek legediaren arabera egokitzeko bideratuko den 90.000 euroko partida da.

    Izena eman gure buletina jasotzeko