Aldaketaren indarrek Gorte Nagusiak premiatu ditu terrorismo delitua arautzen duen Kode Penaleko artikulua aldatu dezan
Laukoaren iritziz Kode Penaleko 573 artikulua "zehaztugabea eta neurrigabeko interpretazioetara irekia da"
Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda Ezkerra Parlamentu Taldeek mozio bat erregistratu dute Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gorte Nagusiei eska diezaien “martxoaren 30eko 2/2015 Lege Organikoaren bidez sartu zen Kode Penalaren 573 artikulua eta terrorismo delituaren zehaztea premiaz aldatzea”.
Mozioa izenpetzen duten taldeek baloratu dutenez “bereziki deigarria da ETAren mehatxua, bere jarduera behin betiko uztearekin desagertu ondoren, Estatuan terrorismoaren mota penalaren aldaketa bat ematea, pasa den legegintzaldian egin zena bezalakoa Alderdi Popularraren gehiengo osoarekin”. Aldaketa horrekin “terrorismo kontzeptuari muga zehaztugabeak ematen zaizkio”, horrela “nahiz eta ETAk ez erahil ez eta atentaturik egin orain dela bost urte baino gehiagotik hona, terrorismo delitua egon daiteke antolakunde aktiborik atzean egon gabe, epaileak iritzi badu herritarren zati bat izutzeko edo bake publikoaren asaldatze larria eragiteko zuzendurik dagoen jarrera dagoela”.
Gainera, testuak dio “berriki egindako aldaketa dela kontutan hartuta, ez dago konstituzio jurisprudentziarik edota Auzitegi Gorenarena bere mugak ezarriz”.
Laukoaren taldeek adierazten dutenez “Kode Penalaren aldaketa hori nazioarteko erakundeek salatu dute”, besteak beste NBE-k “eskubide zibil eta askatasun demokratikoak urratzen dituelako”, modu horretan “terrorismoa ez diren jokabideak kriminalizatzera iritsi daitezkeelarik, eta adierazpen askatasunaren jardueran ondorio neurrigabeak suertatu daitezke”.
Zentzu honetan, nabarmentzen dute “zuzenbide penal eta penitentziario arloan, terrorismoaren aurkako borrokak, espainiar Estatuan salbuespeneko mailan sar daitezkeen jarduera interpretatibora eta legeen aldaketetara jo duela iritzi duten lege alorreko pertsonaia ospetsuak ugariak eta sentsibilitate anitzekoak direla”, azpimarratu dute.
Auzitegi Nazionaleko epaile Carmen Lamelak pasa den urrian bi guardia civilen balizko erasotzaile moduan indetifikatutako Altsasuko bederatzi gazteen aurkako sumarioa amaitu eta egun gutxitara erregistratu da mozioa, gazteei terrorismo delitua egozten baitie eta sumarioan jasotzen den moduan “aurre egin diezaioketen zigorrak zeharo neurrigabeak izan daitezke, kontutan izanik egoera normalean ohiko zigor penala izango zela”.
Lau taldeen iritziz “normaltasun penalaren egoera berregiteko unea da, bermeak eta minimoak leheneratuz, alor honetan eskubide eta askatasun sistemaren oinarrizko estandarrak baitira”, argudiatuz “normaltasun penala berreskuratzea helburu demokratikoa dela, gure gizarteko bizikidetzaren normaltasuna modu erabakigarrian laguntzen baitu”.