Alokairu eskuragarriko etxebizitzetan bizi diren pertsona eta familiak babesteko lanean dihardu Geroa Baik
Pablo Azcona Nafarroako Parlamentuan Geroa Baiko bozeramaileak Ganberako Mahai eta Eledunen Batzarraren ondoren egindako adierazpenetan biometano planten afera aipatu du, mota honetako instalazioen ezarpenerako luzamendua hobetzeko beharra baitago. Azconak gogorarazi duenez, UPN eta PSNk onartu zuten luzamendua, bere luzerari erreparatuz motz geratzen zela defendatu du beti Geroa Baik, urtebetekoa bakarrik baita eta proiektu zehatzak blindatzen dituelako. Geroa Baiko bozeramaileak azpimarratu duenez, koalizioak luzamendu hori hedatzeko lanean dihardu, iaz planteatzen genituen helburuak lortuz horrela: geldiarazi eta planifikatu, lurraldean mota honetako instalazioen ezarpen orekatua bermatzeko helburuarekin. “Integrala izan behar duen luzamendua, eta ez oso proiektu zehatz batzuk blindatzeko”, defendatu du Azconak.
Bestalde, hurrengo Gobernu kontrol saioan koalizioak egingo dituen galderak aurkeztu ditu parlamentariak. Gaurkotasun handiko galdera gisa, Geroa Baik Irujo kontseilariari zuzenduko dio, Industria eta Enpresen Sustapenerako Legearen helburuei buruzkoa. Azconak azaldu duenez, Industriaren Legea Parlamentura iritsi da jada, Geroa Bairentzako funtsezkoa den araua izanik gainera, gure Komunitatearen izaera industriala finkatzea bilatzen duena eta horretarako honako mekanismoak planteatuz: sinplifikazio administratiboa, trantsizio ekologikoa eta berrikuntzari babesa. Bestalde, Geroa Baik Mikel Irujo kontseilariari beste galdera bat egingo dio ere, kasu honetan energia berriztagarrien alorrean Nafarroak emandako pausoei buruzkoa. Etxebizitza kontseilariari ere galdera egingo dio, Migrazioaren Europako Itunari buruz Estatuko Gobernuak Nafarroako Gobernuari helarazi dion informazioari buruzkoa, pasa den astean sartu baitzen indarrean eta Estatuaren eta Autonomia Erkidegoen arteko elkarrekiko gobernantza marko bat sortu beharra baitago.
Beste gai batzuen artean, alokairurako Babes Ofizialeko Etxebizitza kalifikazioa modu iraunkorrean mantentzeko lege proposamenari dagokionez, Azconak azaldu du Geroa Baik lege hori premiaz tramitatzearen aldeko botoa eman duela. Era berean, etxebizitza politikek erronka ezberdinei aurre egiteko estrategia bat behar dutela defendatu du eta azpimarratu duenez, alokairu eskuragarriko etxebizitza horietan bizi diren pertsona eta familien bermeak mantentzeko lanean dihardu Geroa Baik. Etxebizitza hauek putre-funts deituriko horien eskutan amaituko ote ez dutenaren kezka Geroa Baik elkarbanatzen duela azpimarratu du ere, eta horregatik azaldu du Geroa Baik departamentuari informazioa eskatzen ari diola, testuan hobekuntzak egiteko eta, bereziki, berme handiagoak lortzeko helburuarekin.
Larunbatean, Kontseiluak deiturik, Iruñean euskararen alde egin zen manifestaldiari dagokionez, Azconak azpimarratu du Geroa Baik martxaren helburuak elkarbanatzen dituela, milaka nafarrek egin zuten moduan, eta hala agertu zuten koalizioko kideen babesarekin eta partaidetzarekin.
Azkenik, Azconak ikerketa batzordearen ondorioei erreparatu die. Adierazi duenez, adostutako ondorio eta gomendioez gain, osteguneko Osoko bilkuran Geroa Baik bere ondorio propioak mantenduko ditu Ikerketa Batzordearen irizpenari egingo dizkion boto partitukarren bitartez.
Pablo Azcona