Itzuli

Altsasu kasuko auziperatuentzako justizia eskatzen duen manifestaldian parte hartzera deitu du Geroa Baik

Geroa Baik ‘Altsasuko Gurasoak’ eta ‘Altsasukoak Aske Herriko Plataforma’ antolakundeetan elkartutako familiek deitutako manifestaldiarekin bat egin du eta herritarrak bertan parte hartzera deitu ditu datorren larunbatean, apirilak 14, Iruñean, Altsasu kasuko atxilotuentzako justizia eskatzeko.

Koalizioak azpimarratu duenez proportzionaltasun gabezia kasu argi baten aurrean gaude eta gazte hauengan zein herri osoarengan ere oso eragin larria du horrek. 2016ko urriaren 15eko gauean Altsasun gertaturikoa ezin da inolaz ere terrorismoa denik esan eta kasua zentzugabekeria juridiko eta mediatiko bat bihurtu dela iritzi du Geroa Baik. 

Zentzu honetan, Geroa Baik gogorarazi du ospe handiko legelariek haien kezka agertu dutela kasu honetan eman den bilakaerarekin, hasiera batean balizko zauri delitu zela esan ondoren, terrorismo delitu moduan klasifikatu baita. Halaber, kezkagarriak dira prozesuan zehar defentsek egindako adierazpenak, auziperatuen eskubideen eta berme prozesalen urraketak salatu baitituzte.

Koalizioak gainera gogorarazi du kasu honi ezarri zaiola lehen aldiz Kode Penalaren 573 artikulua, 2015tik terrorismo delitua modu anbiguoan arautzen duena alegia, eta eztabaida handiak sortu dituena adituen artean bai eta NBE bezalako nazioarteko erakundeetako errelatoreen artean ere.

Azkenik, Geroa Baik defendatu duenez kasu honek ez zuen inoiz Iruñeko Auzitegitik irten behar, 2017ko martxoan Nafarroako Auzitegiak modu tinkoan ebatzi zuen moduan.

Izena eman gure buletina jasotzeko