Amaia Arrizabalaga: "Funtsezkoa iruditzen zaigu gure hizkuntzaren ofizialtasuna aitortzea, Nafarroa osoan eta Europar Batasunean eta bertako erakundeetan"
Geroa Bai 2015etik ari da hizkuntza-normalizazioaren arloko politika publikoen buru, Nafarroan. Denbora honetan, euskararen egoera hobetzen laguntzen ari gara, eta emaitzak agerikoak dira: D eredua, 2015/2016 ikasturtetik Nafarroa osoan ikas daitekeena eta hamabost bat herri berritara iristea lortu duena, matrikula-zenbaki historikoetan dago (ia % 31). Halaber, A ereduko matrikula egonkortzea lortu da, urteak zeramatzalako jaisten, baita Corella edo Fustiñana bezalako herrietan linea berriak irekitzea ere.
Bestalde, euskararen normalizazioan diharduten sektoreek ez dute inoiz hainbesteko laguntza ekonomiko eta instituzionalik jaso. Nafarroako Gobernua, Euskarabidearen bitartez, euskaltegien lana bultzatzen ari da; eta inoiz baino gertuago gaude euskara doan ikastetik. Elkarte-sare euskaltzalearekin ere elkarlanean ari gara: irabazi-asmorik gabeko elkarteekin, udalekin, komunikabideekin, kultura- edo aisialdi-jarduerak bultzatzen dituzten erakundeekin... erronka berriak ahaztu gabe, hala nola digitalizazioa, teknologia berriak eta adimen artifiziala edo euskararen sustapena eremu sozioekonomikoan.
Europako esparruan, bere aberastasuna den ezberdintasunaren eta pluraltasunaren defentsan, hainbat lan-bide sakondu nahi ditugu:
1) Alde batetik, funtsezkoa iruditzen zaigu gure hizkuntzaren ofizialtasuna aitortzea. Nafarroa osoan eta Europar Batasunean eta bertako erakundeetan. Herritar guztien hizkuntza-eskubideak, gizarte-kohesioa eta aukera-berdintasuna bermatzeko modurik onena da.
2) Gainera, mugaz gaindiko esparruan egindako lanean sakontzearen alde egiten dugu. Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko edo Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sareko kide garenez, eta POCTEFA funtsak edo Hiruko Ituna (Eusko Jaurlaritzarekin eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoarekin batera) bezalako tresnen bidez, lankidetza hori proiektu eta praktika zehatzetara eramaten ari gara, mugaz gaindiko harremanak, horietan euskararen erabilera eta gizarte-kohesioa areagotzeko.
- Azken Eurobarometroaren arabera, Europako pertsonen % 84 hizkuntza gutxituak babestearen alde daude. Geroa Baiko gizon eta emakumeak hor gaude eta, Europako Parlamentutik, gure gizarteen demokratizazioan eta kohesioan sakontzen duten horrelako politika publikoak sustatzen jarraituko dugu.
Jabi Arakama