Itzuli

Anika Luján Martínez, Tuterako alkatetzarako Geroa Bairen hautagaia

Ha mostrado su firme compromiso por trabajar por el desarrollo económico de la zona, por el bienestar social de los vecinos y vecinas, y por la convivencia

    Anika Luján Anika Luján

    Anika Luján Martínez (Tutera, 1969) izango da Tuterako alkatetzarako Geroa Bairen hautagaia. Irakaslea eta Historian lizentziaduna, Argia Ikastolan egiten du lan 2000 urteaz geroztik, bertako zuzendari izan zelarik 2009 eta 2015 urte bitartean.

    2015eko abenduko Hauteskunde Orokorretan Cambio-Aldaketa hautagaitzarekin senatari hautetsia izan zen eta Euskararen Nafar Kontseiluko kide da Parlamentuaren proposamenez.

    Anika Luján ilusio handiz agertu da datozen udal hauteskundeetan hautagaitzaren buru egoteko erronkaren aurrean eta herriguneko bere kideei eta koalizioari berari ere esker ona agertu die berarengan jarritako konfiantzagatik.

    Aurkezpenean Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzarako Geroa Bairen hautagaiarekin batera agertu da, bai eta Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentearekin eta herriguneko kideekin eta parlamentu taldeko beste kideekin ere.

    Anika Lujánek datorren maiatzaren 28an herritarren konfiantza lortzeko asmoa du eta horretarako “Geroa Baik Tuterako herritarrekin konpromisoa, elkarrizketa, eta esperientzia handiko taldea eskaintzen du, Nafarroan, Madrilen eta udaletan esperientzia politiko handiko pertsona fidagarriekin”. “Horrexegatik hain zuzen ere, Geroa Bai beharrezkoa da Tuterako Udalean”, ziurtatu du.

    Tuterako Alkatetzarako Geroa Bairen hautagaiak “eskualdeko garapen ekonomikoaren alde lan egiteko bere konpromiso tinkoa” agertu du, bai eta “bizilagunen ongizate sozialaren alde eta bizikidetzaren alde lan egiteko ere”. “Azken hau, Tuteran konpondu gabeko arazoa delarik”, salatu du.

    Lujánen arabera, “orain arteko dinamikekin amaitzea beharrezkoa da, existitzen ez diren gatazkak asmatuz konfrontazioa sortzearekin amaitzea, eta Tuteran dagoen aniztasuna onartzea funtsezkoa da”. “Bizikidetza sanoa eta erreala nahitaezkoa da, eta horregatik, bizikidetzaren aldeko apustua egiterako orduan ausarta izango den udal bat behar dugu”, nabarmendu du.

    Anika Lujánek defendatu duenez “Tuterak gehiago merezi du, bere bizilagunez arduratuko den udal bat merezi du, eta haien arazoak konpontzeko, eta ez horiek sortzeko, ardura hartuko duena”. “Ordezkari konprometituak merezi ditugu, konfiantza sortuko dutenak, bai eta udal plural bat ere, Tuteraren aniztasunaren isla izango dena eta biktimismora eta etengabeko kexuetara eramango ez gaituena, horren ordez gure hiriarekin harro sentiaraziko gaituena eta Nafarroan bizitzearekin pozik egotea eragingo diguna”.

    Horregatik guztiagatik, Tuterako Geroa Baik asko du Tuterari eta bere udalari eskaintzeko. “Politika eraikitzailea eta proposatzailea egiten dugu, iskanbilatik eta krispaziotik urrun, baina interes orokorraren defentsan tinko”, ziurtatu du. “Umiltasunetik, anbizio handikoak gara eta Tuterak zein Nafarroak ahalik eta gobernurik hoberena edukitzea nahi dugu eta hori da gure konpromisoa”, amaitu du adieraziz Lujánek.

    Izena eman gure buletina jasotzeko