Itzuli

Aniztasunaren arretarako hitzarmenak NHEBZ-rekin adostea defendatu du Geroa Baik mozio baten bitartez

Ekimenak Hezkuntza Departamentua premiatzen du, zentroko zuzendaritza taldearen dimisioa ekarri duen prozesua berbideratu dezan

    Itxaso Soto Itxaso Soto

    Geroa Bairen iritziz hezkuntza sistema, aniztasunaren arretarekin zerikusia duen alorrean bereziki, lau printzipiotan oinarritu behar da; inklusioa, parekidetasuna, gardentasuna eta tratu-berdintasuna. Horregatik, hezkuntzan aniztasunaren arretarengan eragina duen edozein hitzarmen edo proposamen, Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroko (NHEBZ) zuzendaritzarekin landu beharra dagoela defendatu du koalizioak, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpe dagoen organismoarekin alegia. Horrela jasotzen da Geroa Baik datorren osteguneko Parlamentuko Osoko bilkuran defendatuko duen mozioan.

    Mozioan Geroa Baik azpimarratzen duen moduan, NHEBZren sorrerarekin “hezkuntza zentroen baitan hezkuntza behar bereziak behar zituzten ikasleei erantzun espezifikoa emateko, baliabide orokorrak erabiltzea” zen asmoa, “horretarako zerbitzu espezializatuen laguntza gaitzailea, eta ez ordezkatzailea, erabiliz”.

    Aldi berean, koalizioak gogorarazi du, bere hasieratik Zentroak “inklusioa, hezkuntzaren kalitatea, parekidetasuna, diskriminazio eza eta malgutasuna” izan dituela printzipio zuzendari moduan, horrela “ikasleen gaitasun, interes, espektatiba eta beharrizan anitzetara egokituz hezkuntza”. Lan horrek “aniztasunaren alorrean, teknikaren aldetik erreferentziazko zentro” bihurtu du NHEBZ, eta hortaz “hezkuntza zentroak laguntzeko balio behar duten kalitatezko aholkularitza eta erantzunak eskaini behar ditu, hezkuntza-laguntza behar bereziak dituzten ikasleei zentroek erantzun egoki bat eman ahal izateko”.

    Organismo honen lana aitortzeaz gain, Geroa Baitik gogorarazi dute NHEBZren zuzendaritzaren eginkizunak zeintzuk diren jasotzen dituen foru dekretuak dioela eginkizun horien artean dagoela beste erakunde edo organismoekin hitzarmenak proposatzea eta lantzea. Horregatik, koalizioak azpimarratu duenez, “NHEBZren jardueraren esparruarengan eragina duen edozein hitzarmen, bertako zuzendaritzarekin koordinatu behar da, Departamentuarekin elkarlanean”.

    Zentzu honetan, NHEBZko zuzendaritza taldeak berriki eman duen dimisioa deitoratu du Geroa Baik, Hezkuntza Departamentuaren eta Alegría Fundazioaren arteko hitzarmena egin ostean hain zuzen ere, aldi berean adieraziz akordio horrek “etorkizunean pribatizazio bati atea irekitzen diola”. Koalizioak gainera berretsi du zentroetan laguntza eta akonpainamendu beharrak handitzen ari diren une honetan, beharrezkoa dela “NHEBZ-ak bere eginkizunak eraginkortasunez bete ahal izatea bermatzea, bai modu zuzenean inbertituz, bai eta irakasleekin, familiekin eta hezkuntza komunitate osoarekin lankidetzan arituz”.

    Geroa Baik ostegunean defendatuko duen mozioan, Hezkuntza Departamentua premiatzen da “inklusioa, parekidetasuna, gardentasuna eta tratu berdintasuna bermatu ditzan, Nafarroako hezkuntza sistemaren printzipio ukaezin moduan orokorrean, eta aniztasunaren arretarako politiketan partikularrean”, bai eta “hezkuntza baliabideen preskripzio eta hornikuntza, zentro eta zerbitzu publikoetan modu esklusiboan mantendu ditzan ere”, horien artean NHEBZ adibide eztabaidaezina delarik. 

    Era berean, Hezkuntza Departamentua premiatzen da zuzendaritza taldearen dimisioa ekarri zuen prozesua berbideratu dezan, “Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroaren sorrera, antolakuntza eta funtzionamendua arautzen duen urtarrilaren 18ko 1/2023 Foru Dekretuan ezartzen diren jarraibideetan oinarrituz”, eta “aniztasunaren arretarengan eragina duen edozein hitzarmen edo proposamen NHEBZko zuzendaritzarekin landu dezan eta 1/2023 Foru Dekretuan arautzen diren kolaborazio esparruetan parte hartzen duten erakundeen ordezkariak kontuan hartuz egin dezan”.

    Izena eman gure buletina jasotzeko