Itzuli

Asteburu honetan Tafallan egingo den Nafarroa Oinezen parte hartzeko deia egin du Geroa Baik

Euskara orainaldiko eta etorkizuneko balioa dela nabarmendu du koalizioak, bai eta bizikidetzarako eta gizarte kohesiorako faktorea ere

Geroa Baik asteburu honetan ‘Erdian Erein’ lelopean Tafallan egingo den Nafarroa Oinezen parte hartzera animatu ditu herritarrak, eta 50 urte baino gehiagotan zehar Garcés de los Fayos ikastolak Nafarroako Erdialde eskualdean euskararen alde burututako lana azpimarratu du.

Koalizioak ziurtatu duenez, gizarte aldakor batean, gero eta anitz eta pluralago batean, euskara orainaldiko eta etorkizuneko balioa da Nafarroan. “Euskara, geure hizkuntza propioa, gure kulturaren zati da, eta antzinako iragan historiko batetik datorkigun ondare baliotsua izateaz gain, beste ezeren gainetik, geure orainaldian duen garrantziagatik eta etorkizunean duen proiekzioagatik bultzatu beharreko aktibo bat da”, azpimarratu du.

Geroa Baik gainera nabarmendu duenez, euskara bizikidetzarako eta gizarte kohesiorako faktorea da; gizarte moduan gure balioa handitzen duen hizkuntza, horregatik, bere sendotzean, denok egin dezakegu geure ekarpena.

Nafarroako herritar guztien hizkuntza eskubideak aitortzeko eta bermatzeko lanean jarraitzeko bere konpromisoa berretsi du koalizioak, bai eta euskara iskanbila eta liskar alderdikoietatik behingoz ateratzeko ere. “Etorkizuna barneratzailea eta gure aniztasunarekin begirunetsua izango da, edo ez da etorkizunik egongo”, azpimarratu du.

Horregatik guztiagatik, asteburu honetan Tafallara joateko eta Nafarroa Oinezen aurreikusten diren ekitaldietan parte hartzeko deia egin du Geroa Baik,  milaka familiek Nafarroan euskararen alde egindako lan desinteresatuaren garrantzia aitortzeko.

Izena eman gure buletina jasotzeko