Itzuli

Atarrabia-Geroa Bai merkataritza laguntzeko bono kanpainaren arrakastarekin pozik agertu da

Koalizioak gogorarazi duenez, udalerriko aurrekontuei aurkeztutako bere zuzenketa baten fruitu da ekimena eta abenduan egingo den bigarren fase batean jarraitutasuna edukiko du

    Mikel Asiain Mikel Asiain

    Atarrabia-Geroa Baik merkataritza laguntzeko bono kanpainaren arrakastaren aurrean bere poza agertu du eta herritarrek ekimenari emandako erantzunaren garrantzia azpimarratu du, izan ere bono guztiak urriaren 6an amaitu ziren, hasiera batean hilabete bereko 30era arte luzatzea aurreikusten zen arren.

    “Lehen fase baten baitan egin da, 25.000 eurorekin -gogorarazi du taldeak-, bigarren fasea antzeko diru kopuruarekin egingo baita. Merkataritza udalerriko komunitate-ehunaren funtsezko zati da, bertako gizarte kohesioa mesedetuz. Kanpaina honen helburua sektoreari bultzada ematea zen, hortaz eskertzekoa da herritarrek emandako babesa, aldi berean ezarritako %30eko deskontuak lortu dituztelarik ere”.

    Bestalde, koalizioak gogorarazi duenez, herriko aurrekontuetan islatutako bere beste proposamenak gauzatze bidean daude. Zentzu honetan, berriki Hermanos Indurain Polikiroldegiko argiztapena aldatu da. Kirol instalazioaren argiztapen urria agerikoa zen, bertako erabiltzaileek horrela kritikatzen zutelarik -kirol eskola eta Beti-Onak taldea-, bai eta kirol lehiaketetan erabili behar zituzten kanpotarrek ere: taldeak, epaileak, familiak... Are eta larriagoa da argi gabezia hau, eskubaloi taldeak bere emakumezkoen taldea estatu mailako erreferente bilakatzear dagoen une honetan.

    Bestalde, argazki, ikusentzunezko eta dokumental funtsekin artxibo digital baten sorkuntzan lanean dago Kultura Zerbitzua, horrela funts horiek modu birtualean eskuragarri jarriz haien hedapena mesedetuz eta web orrialde baten bitartez gure ondare material eta inmaterialaren balioa aditzera emanez, koalizioak aurrekontuei aurkeztutako beste zuzenketa batean planteatu zuen moduan.

    Atarrabia-Geroa Baik gainera gogorarazi duenez, Nafarroako Aurrekontu Orokorren bitartez Atarrabiarentzako planteaturiko ekintzetako bi gauzatzen ari dira ere uneotan: alde batetik Ardantzea Parkean dagoen parkearen estalpea, gure Komunitateko klimatologia kontuan izanik, hura urte osoa zehar erabiltzea ahalbidetuko duelarik; eta bestaldetik, Kapanaburua kaleko oinezkoentzako igarobide goratua, Foruaren Plaza eta Bakearen Parkea arkitektonikoki lotuz.

    Izena eman gure buletina jasotzeko