Atarrabia-Geroa Baik proposaturiko laguntzetara 27 ostalari atxikitu dira
Ostalari gehienek neurri honi onura atera izanarekin pozik agertu da koalizioa, horrekin udalerriko taberna eta jatetxe bakoitzari 2.000 euroko laguntza lineala planteatzen zelarik
Udalerriko taberna eta jatetxe bakoitzari 2.000 euroko laguntza linealak emateko Atarrabia-Geroa Baik urte hasieran egindako proposamenari atxikitzeko eskaerak aurkezteko epea behin amaiturik, koalizioa pozik agertu da udalerriko ostalari gehienek ezarritako laguntzari atxikitu izanarekin.
Koalizioak gogorarazi duenez, bere proposamena planteatu zenean “neurri hau Merkataritzaren Suspertzerako Planarentzako osagarri oso komenigarria” izango zela adierazi zuten, bai eta “zorroztasun eta ardura handiarekin” formulatu zutela, “herriaren eta sektorearen egoera ekonomikoa kontuan hartuz gainera”. “Hori guztia, pandemiak udal diru-sarreretan murrizketa eta gastuetan gorakada eragin zuela jakinez, baina Nafarroako Gobernutik zetozen dirulaguntza bereziak zeudela ahaztu gabe, horiekin honelako garrantzia duen neurri bati aurre egitea ahalbidetzen baitzen”, gogorarazi du Atarrabia-Geroa Baik.
Koalizioaren proposamenarekin “sektoreko langileei, enpresariei eta kudeatzaileei laguntza ematea bilatzen zen; Nafarroan 18.000 lanpostu dituen eta herritarren bizi ohitura zein harremanen zati garrantzitsua den sektorearen berebiziko garrantzia aitortzea alegia; bai eta ostalariek pandemiaren hasieratik, taberna zein jatetxeen barrualde eta terrazetan segurtasuna bermatzeko burututako esfortzuak balioestea ere”.
Atarrabia-Geroa Baik azaldu duenez, “proposamenaren linealtasuna, 2.000 euroko laguntzetan oinarritua, udalerriko ostalaritza sektorearen pluraltasunak eragin zuen, bai eta aniztasun hori ikuspuntu ekonomikotik analizatzeko eta zergei dagokienez progresibotasunez analizatzeko ere Udalak baliabiderik ez zuelako”.
“Laguntza horiek Covid-19ak gehien zigortu duen sektoreetako baten egoera arintzen lagundu izana espero dugu, pandemia hasi zenetik ondoz ondoko itxiera partzialak edo erabatekoak pairatu baititu”, azpimarratu du koalizioak.