Itzuli

Atarrabia suspertzeko helburuarekin aurkezten du bere hautagaitza Atarrabia-Geroa Baik

Aurreko udaletan parte hartu duten koaliziokideekin batera, lehen postuetan aurpegi berriak egongo dira ere

“Zeharo paralizaturik dagoen udala suspertzeko” helburuarekin aurkeztu du koalizioak aste honetan Atarrabiako udalerako bere zerrenda. Bere zerrendaburuaren hitzetan, udala “ekimenik gabe dago, etorkizuneko ikuspegirik gabe, azken hamabi urteetan, Bildu agintean egon den urteetan alegia, zorra murriztera mugatu da udala baina herriari azpiegitura eta zerbitzu berriak emateko anbiziorik gabe, esparru sozialean bereziki. Legegintzaldi osoan gobernu taldearen aldetik egon den berrikuntza azpimarragarriena zera izan da, Martiketeko kirol instalazioak zaharberritzeko proposamena, urte askoren ondoren eta hainbat uholde jasan ondoren oso hondaturik baitzeuden, eta ez baitzuten indarrean zegoen legedia ere betetzen, horregatik bere eraberritzea nahitaezkoa zen. Aurtengo uda ondoren burutuko diren lanak izango dira”.

Gaur egun herrian eskaintzen ez diren prestazioak lortzeko anbizioz lan egin beharra dagoela azpimarratu dute koaliziotik, hala nola Eguneko Zentro bat edo mendekotasuna duten pertsonentzako tutoretzapeko apartamentuak lortzeko: “Gaur egungo Osasun Etxea Eguneko Zentro bihurtzearen alde egiten dugun arren, ez genituzke beste kokapen batzuk baztertuko, hala nola Kale Nagusiko 65 zenbaki ondoan udalaren jabetzakoak diren etxabeak, herrian mendekotasuna edo desgaitasuna duten herritarrek beste udalerrietara edo zentro pribatuetara joan behar ez izatea baita gure helburua. Adinekoentzako tutoretzapeko apartamentuen alde egiten dugu ere, etxebizitza kolaboratiboen alde, jubilotekan iluntasunik gabeko kudeaketa baten alde... eta beste alde batetik, gazteei zuzenduriko Etxebizitza Plan bat, Nasuvinsa-rekin batera etxebizitzen garapena planteatzeko -alokairuan edo jabetzan- horrela gazteen emantzipazioa errazteko. Azken finean, jendearen beharrizan errealak lehentasun moduan izango dituzten inbertsioen alde egingo dugu”.

Amaitzeko, Koldo Martínez Geroa Baiko senatariak Estatuko Aurrekontu Orokorretan 5,3 milioi euro lortzeko egindako kudeaketari esker Ultzama ibaiaren berreskuratze hidraulikoa egingo dela gogorarazi dute, horrek maiatzaren 28an hasiko den legegintzaldia markatuko duelarik, hortaz, burutuko diren inbertsioak ahalik eta zorroztasun eta bizkortasun handienarekin kontrolatuko dituztela adierazi dute, Ultzama auzoan eta Martiket urbanizazioan uholdeen eragina murrizteko markatu diren helburuak lor daitezen.

Izena eman gure buletina jasotzeko