Atarrabiako Geroa Baik tokiko merkatarientzako 400 eta 600 euroko laguntzak ezartzeko beharra berretsi du
Bihar asteartez egingo den Udalbatzan, udal taldeak beste bi mozio aurkeztuko ditu, bata Udaletxean Europar Batasuneko bandera berriro jartzeari buruzkoa eta bestea arrazakeriaren aurkakoa
Atarrabiako Geroa Baik, bihar, hilak 30 asteartearekin egingo den Udalbatzan tokiko merkatarientzako laguntza sorta bat eskatzen duen mozioa aurkeztuko du berriro, 400 eurorekin konfinamenduan zehar haien diru-sarrerak %30 murriztu dituzten dendentzako, eta 600 eurorekin haien jarduera eten behar izan dutenentzako.
Udal taldeak berretsi duenez, Udalak merkataritzaren, ostalaritzaren eta hurbiltasunezko zerbitzu sektorearen aldeko apustu argia egin beharra du, Covid-19ak eragindako pandemiaren eta bertatik eratorritako talka ekonomikoaren ondoren bereziki, pasa den maiatzaren 29ko osoko bilkuran aurkeztu zuen mozioan azpimarratzen zen moduan, “maila globaleko ekoizpen eredua bai eta kontsumo pertsonalaren eredua birplanteatu arazi behar baitigu, hurbiltasunezko ereduen aldeko apustua eginez”.
Ekimenaren azalpenean azpimarratzen den moduan, laguntzetarako erabiliko den hasierako kopurua 150.000 eurokoa da, horretarako beharrezko aurrekontu aldaketak egin beharko direlarik. Atarrabiako Geroa Baik nabarmendu duenez, diru-kutxa soberakinaren zati bat erabil daiteke ere, azkenean Gobernu Zentralak Aurrekontuen Egonkortasunerako Legearen arau jakin batzuk malgutzen baditu, bai eta pandemiaren garapena dela eta burutuko ez diren 2020ko Aurrekontuko beste partidak ere erabil daitezke.
Udal taldeak ere gogorarazi duenez, udala toki erakundeentzako Nafarroako Parlamentuak onartutako 25 milioiko partidaren onuradun izango da ere, nahiz eta banaketa modua oraindik zehaztu gabe egon.
Europako bandera berrezarri
Era berean, Atarrabiako Geroa Baik mozio bat eramango du biharko osoko bilkurara, Atarrabiako Udala premiatuz “Europar Batasuneko bandera berriz berrezar dezan, Udal honek babesten duenEuropa sozial eta solidarioaren sinboloa baita”. Europako bandera pasa den legegintzaldiaren erdialdean erretiratu zen gure udal taldearen aldeko botoarekin, “Batasuneko herrialde askotan hartutako migrazio politiken eta Komunitateko erakundeen aldetik egondako baimentze maila handiaren aurkako protesta moduan”. “Politika horrekin bat -jarraitzen du mozioaren testuak-, Mediterraneoko herrialde askok errefuxiatuak heltzea eragozten zuten, horietako gehienak siriarrak zirelarik, haien herrialdea gerra krudel batean odolusten ari zen bitartean mina, gosea eta heriotza ekiditeko babesa bilatuz”.
Hala ere, “bandera bere tokian berrezartzeko garaia iritsi dela uste dugu, bi arrazoi nagusi direla eta: denboran luzatzen den protesta ekintza batek bere eraginkortasuna galtzen duela uste dugulako; eta gure izaera europeista unean uneko agintarien erabaki puntual eta egituratzaileen gainetik egon beharra duela uste dugulako”. Hala ere, “europar erakundeetako migrazio politikekin gure desadostasun osoa” berresten dugu, eta “Europa harrerarako lurralde moduan” aldarrikatzen dugu.
Azkenik, Atarrabiako Geroa Baik mozio bat aurkeztuko du osoko bilkuran, Atarrabiako Udala premiatuz, George Floyd herritar estatubatuarra poliziaren eskutan hil ondoren arraza bazterkeriaren aurka biderkatu diren eskaerak “bere egin” ditzan, eta “Estatu Batuetan eta planeta osoan arrazakeriarekin amaitzeko mugimenduarekin bat egiten du eta erakunde guztiak premiatzen ditu bakearen, berdintasunaren eta kultura arteko bizikidetzaren alde lan egin dezaten; azken finean, Giza Eskubideak betetzearen alde lan egin dezaten”.
Mikel Asiain