Atarrabiako Geroa Baik tokiko merkatarientzako 400 eta 600 euroko laguntzak proposatu ditu
Koalizioaren aburuz, “pandemia honek norbanakoaren kontsumo eredua birplanteatzea eragin behar digu, hurbileko ereduen aldeko apustua eginez”
Atarrabiako Geroa Baik merkatariei laguntzak emateko proposamen bat aurkeztu zuen atzo Atarrabiako Udalbatzaren Osoko Bilkuran, 400 euroko laguntzak proposatuz konfinamenduan zehar diru sarrerak %30ean murriztu dituzten dendentzako, eta 600 eurokoak haien jarduera bertan behera utzi behar izan dutenentzako. Koalizioak azaldu duenez, proposamen hori Udaleko Ogasun Batzordean eztabaidatuko da.
Atarrabiako Geroa Baik Osoko Bilkuran azpimarratu zuenez, “Udalak merkataritza, ostalaritza eta hurbileko zerbitzuen sektorearen aldeko apustu argia egin behar du, bereziki Covid-19ak eragindako pandemiaren ondoren, maila globaleko ekoizpen eredua, bai eta norbanakoaren kontsumo eredua birplanteatzea eragin behar baitigu egoera berri honek, hurbiltasunezko ereduen aldeko apustua eginez”.
Koalizioak gainera nabarmendu zuenez, bere aburuz “Atarrabiako Udalarentzako nahitaezkoa izan behar du hurbileko merkataritza eta zerbitzuen ehun hori zaintzea eta babestea, horiek herritarren beharrei erantzun zuzena emateko helburuarekin”. “Covid-19aren osasun krisialdiak sortutako egungo egoera dela eta, negozio askok haien jarduera bertan behera utzi behar izan dute edo haien diru sarrerak oso murrizturik ikusi dituzte, horregatik nahitaezkoa deritzogu gure udalerriko jarduera ekonomiko eta merkataritzaren interes orokorra sendotzearen beharra. Horretarako, eta ezin ditugunez zergak murriztu, hori Tokiko Ogasunen Legearen aldaketaren bitartez bakarrik egin baitaiteke, eta aldaketa hori Nafarroako Gobernuak bakarrik egin baitezake, hurbiltasuna eskaintzea alde eta herri gehiago egitearen alde sutsuki egiten duten merkatari, ostalari eta zerbitzu emaileei zuzenduriko laguntza baten sorrera proposatzen dugu”, amaitu zuen azalduz udal taldeak.
Hasiera batean laguntza horietarako erabiliko litzatekeen zenbatekoa 150.000 euroko izango lirateke, horretarako beharrezko aurrekontu aldaketak egin beharko liratekeelarik. Mikel Asiain Atarrabiako Geroa Baiko bozeramaileak nabarmendu zuenez, “horretarako 2019 jardunaldiko superabitaren zati bat erabili daiteke, halakoa egongo bada; diru-kutxa soberakinaren zati bat ere -bertako zati bat erabiltzea Gobernu Zentralak baimentzea aurreikusten delarik, Aurrekontuen Egonkortasunerako Legearen arau jakin batzuk malgutzeko bere asmoa agertu ondoren-; edo pandemiaren bilakaeraren ondorioz burutuko ez diren 2020ko aurrekontuko beste partidak”.
Bestalde, gogorarazi zuenez, toki erakundeentzako Parlamentuan onartu zen 25 milioiko partida baten onuradun izango da Udala, nahiz eta banatze eredua oraindik zehaztu gabe egon; eta proposaturiko 400 eta 600 euroko laguntzak, “Nafarroako Gobernuak autonomoentzako ezarritako laguntzak osatzen dituela” azaldu zuen ere.
Mikel Asiain