Atarrabian uholdeak ekiditeko lanak Estatuak finantzatzeko akordioa betetzea eskatu du Koldo Martínezek
Atarrabian uholde arriskua murrizteko lanen finantzaketarako akordioa Gobernu zentralaren aldetik ez dela bete salatu du Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak, iaz Estatuko aurrekontuen negoziazioan lortutako akordioa baitzen hori.
Goi Ganberaren osoko bilkuran, iaz María Jesús Montero Ogasun ministroarekin erdietsitako eta sinatutako akordioak gogorarazi ditu Koldo Martínezek, horietako gehienak jada beteak edo exekuzio bidean daudelarik. Esaterako Lodosan AP-8 errepiderako lotunea, lan horiek jada esleitu direlarik; Eraikuntzaren Industrializazioaren Zentro Nazionala, fase aurreratuan jada; Pirinio Hego Isurialdeko Bide Naturala, Irati trenak egiten zuen bidean; Erriberriko Gazteluaren argiztapena; edo “Hormigoizko Mugak” proiektuaren finantzaketa,Pirinioak blindatzeko Francok gatibu-lanarekin eraikitako bunkerrak berreskuratzeko proiektua alegia.
Hala ere, Koldo Martínezek gogorarazi duenez, Ogasun ministroarekin adostutako eta sinatutako beste ekintzetako bat gauzatu gabe dago oraindik, Atarrabian Ultzama ibaiaren berreskurapen eta hobekuntza hidraulikoa alegia.
“Ekintza hau geldirik dagoela dirudi, inork ez baitu horri buruzko informazio fidagarririk ematen. Eta niretzako eta Geroa Bairentzako berebiziko garrantzia duen zuzenketa bat da hori. Urrian gaude jada eta ez dakigu horri buruz ezer”, salatu du senatari autonomikoak Goi Ganberan.
“Gure haserrea, Atarrabiako gure jendearen haserrea, Atarrabiako herritarren haserrea izugarria da. Guztiok dugun kezka bezain handia, izan ere lanek hasi behar zuten gunea urtero urtero urpean geratzen da. Eta ez dirudi ez PSOEri ez eta Espainiako gobernuari axola zaionik, izenpetutako akordio bat egon arren”, ziurtatu du Senatuan Koldo Martínezek, aldi berean gogoraraziz “horren kontrapartida Geroa Baik Estatuko Aurrekontu Orokorrei aldeko botoa ematea zela, nire botoarekin egin nuena alegia”.
“Guk gure hitza bete dugu. Gobernu zentralak, oraindik ez. Horregatik dakarkigu eskakizun hau hona, Senatura, lurralde-ganberara, bi aldeek sinatu genuen akordioa bete dadin, alde batetik Geroa Baik eta bestetik aurrekontu alorrean Gobernuko arduradun gorenak sinatu genuena”, azpimarratu du Koldo Martínezek.
Koldo Martínez