Itzuli

Onartu den Merezimenduen Dekretuak defizit handiak dituela baina egungo egoera hein batean konpontzen duela dio Geroa Baik

Euskararen erabilera anbizio askoz ere handiagoarekin arautzeko apustua egiten du koalizioak, aniztasunarekin eta hizkuntza eskubideekin begirune handiagoa aldarrikatuz

    Geroa Baik ziurtatu duenez, Nafarroako Gobernuak onartu duen Merezimenduen Dekretua “ez da Geroa Bairen dekretua, gure apustua bestelakoa baita; Administraritza Publikoetan euskararen erabilera anbizio askoz ere handiagoarekin arautzea, aniztasunarekiko eta euskal hiztunon hizkuntza eskubideekiko begirune handiagoarekin”.
    Hala ere, koalizioak aitortu du “2019 urte amaieran 103/2017 Foru Dekretuari buruz Nafarroako Auzitegi Gorenak eman zuen epaiaren ondoren “egoera kritikoa dela Administraritzara sartzeko eta tokialdaketa lehiaketetan euskararen balorazioari dagokionez”, eta horregatik dio “gaur onartu den Merezimenduen Dekretuak hein batean egungo egoera kritikoa konpontzen duela”. Koalizioak gogorarazi duenez, “ordutik hona eremu ez euskaldunean dauden Nafarroako Gobernuko plazetan ez zaio euskarari puntutik ematen, ez eta eremu mistokoetan ere, bertan egon arren lanpostu gehienak, Iruñea eta Iruñerria bertan egonik”. “Gaur onartu den Dekretuarekin euskara Eremu Mistoan gutxienez berriro ere baloratzea ahalbidetuko da”, nabarmendu du koalizioak. 
    Hala ere, Geroa Baik azpimarratu duenez, “Dekretuak defizit handiak ditu, hala nola eremu ez euskaldunean euskarazko postu bakar bat ere baloratzeko aukerarik ez egotea, baina bai atzerriko beste hizkuntzak; edota Administraritzako lanpostu guztietan gure hizkuntza propioaren ezagutza baloratzeko aukerarik ez egotea”. 
    Horregatik guztiagatik, “euskara Nafarroa osoan eta lanpostu guztietan baloratzeko lanean jarraitzeko konpromisoa” agertu du Geroa Baik, aldi berean “euskararen ofizialtasuna eta hizkuntza zonifikazioaren amaiera” aldarrikatuz. “Zalantzarik gabe, koofizialtasunak lege estatus blindatuagoa ekarriko luke, segurtasun juridiko handiagoa eta aniztasunari eta euskaldunon eskubideei begirune handiagoa”, amaitu du adieraziz koalizioak. 

    Izena eman gure buletina jasotzeko