Itzuli

“Aurretiaz jokatzeko gai den Nafarroa” aldarrikatu du Geroa Baik eta datozen urteei “irmotasunez, ausardiaz eta anbizioz” aurre egitea eskatu du, inertzian erortzeko edozein arriskuren aurrean

Pablo Azconak anbizio handiagoa eskatu du legegintzaldiaren azken txanpan eta zorroztasuna eskatu du kudeaketan, eduki politikodun akordioak eta autogobernuaren garapen handiagoa ere

    Pablo Azcona Pablo Azcona

    Nafarroak datozen urteei “irmotasunez, ausardiaz eta anbizioz” aurre egitearen beharra defendatu du gaur Geroa Baik Komunitatearen Egoerari buruzko Debatean, inertzian erortzearen edozein arriskuren aurrean. “Aurretiaz jokatzeko gai den” Nafarroa bat aldarrikatu du Pablo Azcona bozeramaileak eta helburua “Nafarroa datozen hamar urteetarako prestatzea” dela adierazi du.

    Egonkortasun politikoaren balioa aitortu du Azconak, baina “egonkortasuna eta konformismoa ezin ditugula nahastu” ohartarazi du. Zentzu honetan azpimarratu duenez, “egonkortasuna tresna bat da. Ez da helburua berez”, eta akordioek erabakiak hartzeko eta funtzionatzen ez duena zuzentzeko balio behar dutela defendatu du.

    Bere hizketaldian zehar Geroa Bairen bozeramaileak nabarmendu duenez, “une konplexu bat bizi dugu Europan, Estatuan eta Nafarroan ere” eta, horregatik, Foru Komunitatea “ezin da egunerokoa kudeatzera mugatu”, baizik eta “Nafarrengan konfiantza sortu behar du”, “etorkizunean pentsatu eta zer izan nahi duen erabaki”.

    Zentzu honetan, Chiviteri esan dio Foru Exekutiboak “erabaki okerrak” hartu dituela eta “Geroa Baik eskatu duenean zuzendu direla horiek jada, hots Belateren kasuan edo Hezkuntzan, edo zuzentzeko bidean daudela, 112aren kasuan esaterako”. Azconak ohartarazi duenez, “ziurgabetasun” politiko eta ekonomikoek “geroz eta agerikoena den haserre sozialeko panorama bat finkatzen ari dute”. Eta ziurtatu du “kudeaketa gorabeheratsuak, zure alderdiak Belaten egin duena bezalakoa”, ezin direla berriro gertatu, “inoiz ez”.

    Geroa Bairen bozeramaileak halaber, formakuntzak Exekutiboaren baitan duen tokia aldarrikatu du eta argi utzi du “Geroa Baik ez dituela akordioak txeke zuri moduan ulertzen”. “Zuzendu beharra dagoenean, zuzendu egiten da. Eskatu beharra dagoenean, eskatu egiten da. Eta akordio bat lortu beharra dagoenean, lortu egiten da”, azpimarratu du.

    Kudeaketa publikoari dagokionez, “zorroztasuna kudeaketan, gardentasuna erabakietan eta kontrola diru publikoarengan” eskatu ditu Azconak, era berean nafar gizarteak dituen ziurgabetasun eta beharrizan zehatzei erantzunak ematearen beharra berretsiz.

    Erabakitzeko gaitasuna duen Nafarroa bat

    Bere hizketaldian zehar, Nafarroaren erronka ekonomiko eta sozialei aurre egiteko tresna moduan kokatu du autogobernua Geroa Baiko bozeramaileak. “Autogobernua ez da ideia abstraktu bat. Hobe erabakitzeko tresna da, Nafarroaren interesak hobe defendatzeko eta politika publikoak gure errealitateari egokitzeko”, ziurtatu du.

    Zentzu honetan, Nafarroaren eskumenen garapen osoa defendatu du eta egin gabe dauden transferentzietan aurrera egitea eskatu du, autogobernua gai zehatzekin  uztartuz, hala nola bekak, I+G+b, Lan Ikuskaritza edo Gizarte Segurantza.

    Azconak ere Nafarroa plural eta anitza defendatu du eta, aldarrikatu duenez Nafarroak ezin duela bere hizkuntzen artean aukeratu behar, gai honi “akordiotik eta errespetutik” heltzea eskatuz. 

    Legegintzaldiaren azken txanpan, koalizio Gobernuaren balantze positiboa egin du Azconak, baina aldi berean ohartaraziz Geroa Bairentzako “ez dela nahikoa”. “Nafarroako gizarteak erronka berriak ditu eta, demokraziatik betik, horiei erantzuna eman behar diegu”, azpimarratu du.

    Horregatik, “interes orokorraren alde lan egiteko, baterako guneak sortzeko jarrera” mantentzea defendatu du eta “bizi ditugun erronken aurrean Nafarroa sendo eta ahalmendun baten interes orokorren defentsa” jarri du helburu gisa.

    Nafarroaren etorkizunari zuzenduriko galdera batekin amaitu da Geroa Bairen hizketaldia: “Jaso dugun Nafarroa kudeatzera mugatuko gara? Edo Nafarroa datozen hamar urteetarako prestatuko dugu?”. Formakuntzaren erantzuna, Azconak azpimarratu duenez, “irmotasunez”, “ausardiaz” eta “anbizioz” egitea da.

    Izena eman gure buletina jasotzeko