Itzuli

Auzitegi Konstituzionalak Foru Berriaren aldeko epaia egin izana atseginez hartu du Koldo Martínezek

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    Auzitegi Konstituzionalak Nafarroako Foru Berriaren alde emandako epaiarekin pozik agertu da Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoa.

    “Nafarroako Parlamentuak aho batez onartu zuen Foru Berriaren Legearen konstituzionaltasuna berresten duen epaiak frogatzen du nafarroi gure harreman komertzial, familiar, oinordekotzak eta abar arautzea ahalbidetzen digun kode zibilaren aurka Sánchezen Gobernuaren setakeriak ez zuela inolako justifikaziorik. Guk hasieratik genioena berretsi du Konstituzionalak, ez zegoela helegitea jartzeko oinarri juridikorik. Eta Foru Berriaren eguneratzean lan egin zuten aditu eta parlamentarien lana epai honekin frogaturik geratu da”, azpimarratu du Koldo Martínezek.

    Geroa Baiko senatariak Foru Berriaren garrantzia eta horrek pertsonen bizitzengan duen eragina gogorarazi du. Eta ordainean ematea aipatu du adibide gisa. “Nafarroan bakarrik existitzen den formula da, Espainiako Kode Zibilak ez baitu zor hipotekario bat ondasunaren ematearekin likidatzea baimentzen. Eta ziurrenik bakuei gustatzen ez zaien neurria da, baina nafar familia askori euren bizitzak arinduko dizkiena, ia bizitza osorako diren zorrekin ez baitira zamatuko”. Ordainean ematea, gogorarazi du Koldo Martínezek, Gobernu zentralak helegitea jarri zion ataletako bat zen.

    Geroa Bairen senatariaren aburuz ulertezina da Toni Magdaleno senatariak bere PSNko kideek Nafarroako Parlamentuan onartutako lege bati Auzitegi Konstituzionalean jarritako helegitea Senatuan defendatu izana. Koldo Martínezek Nafarroako senatari sozialistak helegitearen alde egindako hitzaldia gogorarazi du. “Sánchezen Gobernuak Foru Berriaren aurka agertutako jarrera defendatu zuen Magdalenok, Nafarroako eskuina eta abertzaleak presidentea erasotzeko azpijokoan ari zirela salatuz ia. Nafarroako autogobernuaren oinarrizko elementu bati erasoa justifikatzeko argudio xelebrea izan ere”.

    “Epaiaren ondoren Magdalenok nafar jendarteari barkamena eskatzea espero dut. Gauza bat da Madrilen talde sozialistaren boto disziplina jarraitzea, eta bestea helegitea erretiratzearen aldeko mozio batean, aurkako jarrera agertzeko eta Nafarroaren autogobernu gaitasunaren aurka egiteko hitza hartzea, Parlamentuan alde bozkatu zuten bere PSNko kideak toki txarrean utziz gainera”, azpimarratu du Koldo Martínezek.

     

     

    Izena eman gure buletina jasotzeko