Itzuli

Azcona Aragoiko hauteskundeen ondoren: “Bipartidismoak herritarren beharrizanei ez dio erantzunik ematen jakin eta ultraeskuinaren aurrerapenak kezkatzen gaitu”

    Pablo Azcona Pablo Azcona

    Pablo Azcona Nafarroako Parlamentuan Geroa Baiko bozeramaileak Ganberako Mahai eta Eledunen Batzarraren ondoren egindako adierazpenetan, koalizioak datorren Gobernu kontrol saioan defendatuko dituen ekimenak aurkeztu ditu. Modu honetan, gaurkotasun handiko galdera Lehendakariari zuzenduko diotela azpimarratu du, AP-15 autobidearen liberalizazioari buruz, “autobidea 2029an liberalizatzeko Gobernuak zein asmo dituen zehaztea nahi dugu, bai eta zein egutegi aurreikusten duen ere”. Era berean, Geroa Baik Ana Ollo lehendakariordeari galdera egingo diola iragarri du, Estatuak eta Nafarroak San Cristobal Gotorlekuaren inguruan izenpetutako protokoloa azal dezan, bai eta José Maria Aierdi Landa Garapeneko kontseilariari ere, San Martin Unxen korraliza bat martxan jarri dela eta, 2022an udalerria kaltetu zuen sutearen ondoren, zein balorazio egiten duen jakiteko. Halaber, Geroa Baik politika orokorreko interpelazio bat aurkeztu du Foruzaingoari buruz. 

    Bestalde, Geroa Baiko bozeramaileak, gaur koalizioak babestu dituen adierazpen instituzionalei buruz hitz egin du ere. Lehenik, Geroa Baik Adierazpen bat izenpetu du PSN, EH Bildu eta Contigo Zurekin taldeekin batera, datorren otsailaren 11an Emakumearen eta Neskatoaren Nazioarteko Egunaren ospakizuna dela eta, emakumeek zientzia alorrean egiten duten lana babestu eta aitortzeko, bai eta alor hauetan haien partaidetza sustatzeko eta  neskato eta gazteen artean bokazio zientifikoei bultzada emateko ere. Halaber, UPNk terrorismoaren biktimen Egunari buruz aurkeztu dun Adierazpen Instituzionala babestu du Geroa Baik, baina argi utzi du Geroa Bairentzako martxoak 11 Terrorismoaren Biktimen Nazioarteko Eguna dela, biktima guztiak barne hartzen dituen eguna baita hori. 

    Ikerketa batzordeari dagokionez, Acciona taldeko presidente José Manuel Entrecanales berriro ere ikerketa batzordean agertu ez izana salatu du Azconak, horregatik azpimarratu du “araudiaren araberako erabakiak hartu beharko direla”. Bai enpresak bai eta bere presidenteak mantentzen ari duten jarrera gaitzetsi du, eta nabarmendu duenez, gustatuko litzaioke Accionak gehiago laguntzea eta, beste enpresek egin duten moduan, dagozkion azalpenak ematea Ikerketa Batzordean. 

    Azkenik, Aragoiko hauteskundeen gaineko balorazioa egin du ere. Azconak bere kezka agertu du ultraeskuinaren aurrerapenaren aurrean, eta gaineratu duenez, “bipartidismoak herritarren erronka eta  beharrizanei ez dio erantzunik ematen jakin”. Geroa Baiko bozeramaileak “indarrak batzearen” alde egin du, “baina politika eta ekintza zehatzak eta aurrerakoiak aurrera ateratzeko, uneotan gai oso sentikorretan premiazkoak diren gizartearen beharrei erantzuna emango dietenak” 

    Izena eman gure buletina jasotzeko