Azcona: Geroa Baik ia hamar urte daramatza Nafarroari egonkortasuna eta aurrerapenak ematen, eta UPNk ezin dio Nafarroako politikagintzari 2015a baino lehenagoko moduan begiratzen jarraitu
Pablo Azcona Geroa Bairen bozeramaileak Nafarroako Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzarraren ondoren egindako adierazpenetan, hurrengo Gobernuari kontrol saioan koalizioak eramango dituen galderak zerrendatu ditu. Gaurkotasun handiko galdera moduan, Geroa Baik Chivite Lehendakariari galdetuko dio ea zein den ibilbide orria Bekak eta I+G+b-ren eskumenen transferentziak, programa akordioan jasotzen dena alegia, errealitatea bihurtzeko. Azconak ziurtatu duenez, Geroa Baitik “jakin nahi dugu zein den Nafarroako Gobernuaren planifikazioa autogobernuan aurrera egiten jarraitzeko”. Bestalde, Enpresa Txiki eta Ertainei eta Enpresa Industrial Handiei zuzenduriko laguntzen deialdiari buruz galdetuko dio Geroa Baik Gobernuari, eta Presidentetza kontseilariari zuzenduko zaio ere berdintasun politika publikoen garrantzia herritarrei helarazteko bere departamentuak zein ekintza burutuko dituen jakiteko.
Nafarroako Aurrekontu Orokorrei erreparatu die ere Azconak, gaur astelehenarekin hasi baitu bere onarpenerako Parlamentuko tramitazioa. Geroa Bairen bozeramaileak lau aldeko akordioaren balorapen positiboa egin du, programa akordioan jasotzen ziren neurrien garapenaren ildo berean baitago. Eta Geroa Baik Nafarroako politikagintzan jokatzen duen paperari buruz erantzun dio UPNri, “gogorarazi nahi diegu ia hamar urte daramatzagula Nafarroari egonkortasuna eta aurrerapenak ematen”, azpimarratu du. Nabarmendu duenez, “Geroa Baik ezinbesteko aktore izaten jarraituko du”, eta gaineratu du “UPNk ezin diola Nafarroako politikagintzari 2015a baino lehenagoko moduan begiratzen jarraitu”.
Azkenik, Ekialde Hurbileko gatazkari dagokionez, bide diplomatikoen alde egin du Azconak, bai eta eskualde horrentzako bake justu eta iraunkor baten alde ere.
Pablo Azcona