Azcona: “Nafarroak ahots propioa behar du. Ez ditugu Madrilgo arazoak Nafarroara ekarri nahi, bai ordea Nafarroaren beharrak Madrilera eraman”
Gazteek etxebizitza lortzea erraztuko duen zerga erreforma bat defendatzen du, bai eta familien, autonomoen eta enpresen gaineko presio ekonomikoa arinduko duena, lehen sektorea bezalako sektore estrategikoei arreta berezia jarriz
Pablo Azcona Nafarroako Parlamentuan Geroa Baiko bozeramaileak, Ganberako Mahai eta Eledunen Batzarraren ondoren azaldu duenez, ostiral honetan iritsiko da aurrekontu proiektua Parlamentura eta zuzenketen negoziazioa hasiko da ere, une horretatik bertatik Geroa Baik esparru ezberdinetan hobekuntzak sartzeko lanari ekingo diolarik, kontu publikoek Nafarroaren beharrizan errealei erantzutea lortzeko helburuarekin.
Zentzu honetan, hurbiltasunezko inbertsioak sendotzearen garrantzia azpimarratu du, koalizioaren bokazio munizipalistaren ildoan, horrela gizarte eta lurralde kohesioa sendotzeko. Halaber, lehen sektorea eta industria bezalako sektoreei arreta berezia jartzeko beharra azpimarratu du, trantsizio ekologiko eta energetikoan aurrera egiteko helburuarekin.
“Borondate eraikitzailez negoziatuko dugu, baina lehentasun argiekin ere. Zerbitzu publikoak hobetuko dituzten aurrekontuak nahi ditugu, jarduera ekonomikoa mesedetuko dutenak eta jendearen bizitza hobetzen lagunduko dutenak”, ziurtatu du Azconak.
Era berean, Geroa Bairen bozeramaileak nabarmendu du koalizioak mahai fiskalean lanean jarraitzen duela, bertan garrantzitsua deritzolarik gazteei zuzenduriko zerga kenkari bat martxan jartzea, etxebizitza lortzea errazteko helburuarekin.
Hala ere, Azconak azpimarratu duenez, erantzun fiskalak familia, autonomo eta enpresa askoren egoera kontuan hartu beharko du. Zentzu honetan ohartarazi duenez, salneurrien gorakadak lanaren errentak eta diru-sarrera ertain eta txikiak dituzten autonomoak modu berezian kolpatzen ari ditu.
Horregatik, presio hori arinduko duten neurriak bultzatzearen beharra defendatzen du Geroa Baik, aldi berean Nafarroarentzako estrategikoak diren sektoreak kontuan hartuz, lehen sektorea esaterako.
Lehen sektoreari dagokionez, Azconak modu positiboan baloratu du lehorteak kaltetutako ganadu ustiapenentzako bost milioi euroko laguntza ildo bat martxan jartzea, ostegun honetan Osoko bilkuran eztabaidatuko den Ezohiko Kredituaren Legean jasotzen den moduan alegia.
Bozeramaileak gogorarazi du larre eta bazka gabeziak gainkostuak eta errentagarritasun galerak ekartzen ari dituela ustiapenetan, horregatik beharrezkoa deritzo ezohiko egoera baten aurrean erakundeek erantzutea.
“Nafarroarentzako estrategikoa den sektore bati buruz ari gara, jarduera ekonomikoarentzako, enpleguarentzako eta gure herriak mantentzeko funtsezkoa”, azpimarratu du. Zentzu honetan, laguntzak zehaztearen garrantzia nabarmendu du, hala behar duten ustiapenetara lehenbailehen iristea bermatuz.
Bestalde, azaroaren 29ko hauteskundeetara aurkezteko Geroa Bairen hautagaitza aipatu nahi izan du Azconak. Azaldu duenez, Nafarroak Madrilen bere ahots propioa behar duenaren uste osoari erantzuten dio apustu honek.
Foru Komunitatearen beharrak planteatzeko gai den ordezkaritza bat edukitzearen beharra defendatu du bozeramaileak, bai eta Estatuak Nafarroarekiko dituen betebeharrak hala bete daitezen premiatzearen beharra ere, bereziki eskumenen, azpiegituren eta autogobernuaren garapenaren alorrean.
“Ez ditugu Madrilgo arazoak Nafarroara ekarri nahi, bai ordea Nafarroaren beharrak Madrilera eraman”, ziurtatu du. Azconak gaineratu du Geroa Baik lan hau autonomiaz garatu nahi duela, Nafarroaren interesetatik kanpo dauden estrategiekiko menpekotasunik gabe eta bere negoziazio gaitasuna eta akordioak lortzeko bere borondatea mantenduz.
“Iskanbilaren eta konfrontazioaren aurrean, akordioetara iristeko gaitasuna, gurea defendatzea eta nafar herritarren bizitza hobetzea defendatzen dugu”, amaitu du adieraziz, aldi berean erantzukizuna, egonkortasuna eta aurrerantzesozialen aldeko apustua eginez.
Pablo Azcona