Itzuli

Azcona: “Nafarroan biometanizatze planten ugaritzearen aurrean, gelditu eta planifikatzeko unea da”

UPNk osasun alorrean duen jarrera arduragabea salatu du Geroa Baiko bozeramaileak, ez baitu ekarpen bakar bat ere egin eta herritarrak izutuz osasungintzarekin politika bakarrik egin nahi baitu

    Pablo Azcona Pablo Azcona

    Pablo Azcona Nafarroako Parlamentuan Geroa Bairen bozeramaileak, Ganberako Mahai eta Eledunen Batzarraren ondoren egindako adierazpenetan esan duenez, “energia eredua planifikatzeko beharra dago eta ez inprobisatzen aritu”. Horrela, Geroa Baik EH Bildu eta Contigo Zurekin taldeekin batera bultzaturiko lege proposamena gogorarazi du, horren bitartez biometako planten ezarpenean luzapena ezarriz, “gelditu eta planifikatzeko”.

    Azconaren arabera, “biometanoa aukera bat da, baina ez bada ongi kudeatzen, ingurumen arazoa eta arazo soziala bilakatu daiteke”. “Garapen ordenatua, orekatua eta jasangarria nahi dugu lurralde osoan”. Geroa Baiko bozeramaileak azaldu duenez, “biometanoa konponbidearen zati izatea bermatzea” bilatzen du lege proposamen honek, “arazoa izan ordez”.

    Azconak azpimarratu duenez, “azken hilabeteotan Nafarroan biometano planten ugaritzearen aurrean, gelditu eta planifikatzeko unea da orain”. “Nafarroarentzako nahi dugun eredua planifikatu behar dugu, bai bolumenari dagokionez, bai eta lurraldean eduki behar duen banaketari dagokionez ere”, adierazi du, gaineratuz “planteatzen dugun luzamenduak planifikatzeko balio behar duela, eta aukera bat arazo ez bihurtzeko, ez ingurumenari dagokionez eta ikuspuntu sozialetik ere”.

    Bigarrenik, UPNk jardun duen modu arduragabea salatu du Geroa Baiko bozeramaileak, landa eremuko osasun larrialdi zerbitzuari buruzko lan dokumentu bati dagokionez. Azconak azaldu duenez, UPNk aipatu duen dokumentua zirriborro bat da, ekainekoa, eta honekin harremana zuten alkateak dituzten taldeekin lantzeko elkarbanatu zen. Azconak kritikatu egin du UPNk “ez diola proposamenari ekarpen bakar bat ere egin”. Azconak salatu duenez “osasungintzarekin politika baino ez dute egin nahi, herritarrak izutuz, eta ez dute denontzako erreformarik egokiena lortzeko lagundu nahi”. Geroa Baiko bozeramaileak gogorarazi duenez, gai honi buruz ezagutzen dugun UPNren azken proposamena 2013koa da, eta horrek ez zuen “inolako adostasunik eta murrizketa onartezinak  aurreikusten zituen gainera”.

    Bestalde, Geroa Baik datorren osteguneko osoko bilkuran defendatuko duen mozioa aipatu du Azconak. Eledunaren arabera, “eskubideen alorrean olatu atzerakoi kezkagarri bat bizi dugula agerian jartzen duen ekimena da, eta horren aurrean ezin gara geldirik geratu”. Azaldu duenez, “eskubide indibidual eta kolektiboak mehatxupean daude, gutxiengoen eskubideak, bereziki emakumeenak, jada finkaturik zeudela uste genituen funtsezko eskubideak”. Horregatik guztiagatik, Nafarroako Parlamentua emakumezkoen eskubide eta askatasunen alde agertzea bilatzen du Geroa Bairen mozioak.

    Beste gai batzuen artean, Geroa Baiko bozeramaileak ikerketa batzordea aipatu nahi izan du ere, eta Geroa Baik proposaturiko lan plana eta agerraldien hurrenkera egokiena zela frogatu dela ziurtatu du. Ikerketa batzordearen lanei aurre egiteko modurik hoberena, lan zorrotza eta zuhurra dela berretsi du.

    Azkenik, aurrekontuen tramitazioak, akordioetara iristeko eta aurrekontuak onartzeko behar den gehiengoa lortzeko aste garrantzitsua bizi duela aipatu du ere. Halaber, Mahai Fiskalean burutzen ari den lana nabarmendu nahi izan du ere.

    Izena eman gure buletina jasotzeko