Itzuli

Azcona: “Osasunaren Foru Legearen aurreproiektua berri ona da eta beste ezeren gainetik herritarrengan jartzen du arreta”

    Pablo Azcona Pablo Azcona
     

    Pablo Azcona Nafarroako Parlamentuan Geroa Bairen eledunak Ganberako Mahai eta Eledunen Batzarraren ondoren egindako adierazpenetan, Nafarroan superabitaren berrinbertsioa aipatu du eta kideekin proposamenak lantzen ari dituztela ziurtatu du. Azconakazpimarratu duenez, aste honetan behin betiko diru kopurua zehaztuko da, bai eta zein modutan inbertituko den superabita. Geroa Baiko bozeramaileak azaldu duenez, koalizioarentzako lehentasunak argiak dira: inbertsio industrialak erakartzea, osasungintzarako ekipamendu beharrizanei erantzuna ematea, etxebizitza edo Nafarroako nekazaritza industriari bultzada. 

    “Hau guztia, ziurgabetasun testuinguru batean, horrek laguntza neurriak aktibatzea eskatzen duelarik, baita ere fiskalitatearen arloan, Irango gerrak ekarritako krisialdia eta salneurrien gorakadarekin kaltetu daitezkeen sektoreentzako”, azpimarratu du Azconak. 

    Gainera, ziurgabetasun ekonomikoaren eta inflazioaren aurrean, Azconak nabarmendu du Geroa Bairen apustua “Mahai  fiskalaren lanei heltzea” dela, “hori baita zerga neurriak zorroztasunez eta arduraz lantzeko tokia”. Azconak azaldu duenez, “politika fiskalak errenta ertain-txiki eta langileenen zama arintzen saiatzen jarraitu beharra du, azken zerga erreformarekin ildo koherentea mantenduz eta, era berean, nafar gizartearen beharrei erantzuna emanez ere, hala nola etxebizitza alorrean”. Geroa Baik planteatu du jada Mahai Fiskalean landu beharreko proposamen bat, gazteek euren lehen etxebizitza erostea errazteko bideratua. 

    Bestalde, Geroa Baiko bozeramaileak Osasunaren Foru Lege berriaren aurreproiektuan egondako aurrerapausoen garrantzia azpimarratu du. Fernando Domínguez buru duen departamentuak Lege Aurreproiektuaren testua aurkeztu du jada. Azconak gogorarazi du Osasunaren Foru Legea departamentuaren eta Geroa Bairen helburu nagusienetako bat dela legegintzaldi honetan, eta programa akordioaren baitan zegoela gainera. 

    Azconak azpimarratu du “berri aparta” dela eta lege hau, “beste ezeren gainetik, herritarrengan arreta jartzen duela, sistema, zirkuituak eta baliabideen lurralde-antolakuntza jendearen  benetako beharrei egokituz”. 

    Azkenik, Konstituziotik laugarren xedapen iragankorra deuseztatzeko UPNren proposamena aipatu nahi izan du Geroa Baik, azpimarratuz nafar herritarrei erabaki hori hartzeko aukera kentzearen aurka dagoela Geroa Bai. Eta UPNk nafar gizartearen kezketatik erabat urrun dauden gaiak planteatzea kritikatu du ere. Geroa Baiko bozeramaileak azpimarratu duenez, “uneotan nafar gizarteari kezkatzen dioten gaiak bestelakoak dira, hala nola mahai fiskala, Irango gerraren krisialdia gainditzeko laguntzak, familientzako, enpresentzako, errenta ertainentzako eta langileentzako laguntzak, geroz eta handiagoa den inflazioari aurre egiteko, eta, hortaz, honakoei erantzuna ematea da Geroa Bairen agenda politikoan dagoena, eta ez nafar herritarrek erabakitzeko duten ahalmena kentzea”. 

     

    Izena eman gure buletina jasotzeko