Azconak Chiviteri: “Ezin da bizikidetzaz hitz egin eta euskalduna eta euskaltzalea dena kanpoan utzi, gizartearen zati horrek ere begirunea eta aitorpena behar baititu”
Nafarroako Parlamentuan Geroa Bairen bozeramaileak ganberako Mahai eta Eledunen Batzarraren ondoren egindako adierazpenetan, datorren osteguneko kontrol saiora koalizioak eramango dituen ekimenak aurkeztu ditu. Gaurkotasun handiko galdera moduan, Geroa Baik Lehendakariari zuzenduko zaio, Estatuak Autonomia Erkidegoen zorraren 83.252 milioi bere gain hartzea ahalbidetzeko Gobernu zentralak lege aurreproiektu bat onartu duela jakin ondoren. Azconak azaldu duenez, koalizioak jakin nahi duen zein pauso eman dituen foru exekutiboaren buruak, beste erkidegoen zorraren barkatze honekin Foru Komunitatea kalteturik ez suertatzea bermatzeko.
Bestalde, Geroa Baik eskubide sozialen kontseilariari galdera egingo dio ere, Errenta Bermatuaren eskaeren ebazpen eta jakinarazpenerako 3 hilabeteko epea handitzeari buruz zein balorazio egiten duen jakiteko. Halaber, Geroa Baik Aierdi kontseilariari galdera egingo dio ere, Nafarroako gune ezberdinetan biometanizazio plantak eraikitzeko proiektuen ugaritzeari buruz eta departamentuak udalekin kontsentsuak bilatzeko zein neurri planteatzen dituen azal dezan, instalazio hauek udalerriengan izan dezaketen eraginaren inguruan haien kezkak agertu baitituzte.
Era berean, Azconak azaldu duenez Geroa Baik bizikidetza politikari buruzko interpelazio bat erregistratu du. Nafarroa aitzindaria izan da alor honetan, eta lehen Bizikidetza Planaren balantzea egiteko une egokia da, bai eta bigarren planaren oinarriak ezartzeko ere, berriki Ollo lehendakariordeak 2025-2029 epealdirako aurkeztu duena alegia.
Eta bizikidetzarekin harremanarekin ere, Nafarroa Oinezari buruz lehendakariak komunikabide bati egindako adierazpenak gaitzetsi ditu Geroa Baiko bozeramaileak. Azconaren arabera, Chivitek “ez du kontuan hartzen milaka nafar batzen dituen festa bat, gizarte kohesiorako adibide dena gainera”. “Ikastolak, historikoki, aukera berdintasunerako eta lurralde kohesiorako motore izan dira, eta negazionismo linguistikoaren garai hauetan babes gehiago merezi dute, indiferentziaren ordez”, azpimarratu du. “Ezin da bizikidetzaz hitz egin euskalduna eta euskaltzalea dena kanpoan utziz, herritarren zati horrek ere begirunea eta aitorpena merez ditu”, nabarmendu du Azconak, gaineratuz “lehendakariak gogorarazi beharko luke bere gobernua sostengatzen duten boto asko boto abertzaleak direla”.
Azconak ere Telladoren hitzak gaitzetsi ditu eta “penagarritzat” jo du “nazio mailako buruzagi bat -kasu honetan Tellado jauna, Alderdi Popularrekoa- Nafarroara etortzea hobiak egitera”. “Hemen gizarte zibilak hamarkadak daramatza eta Nafarroako Gobernuak hamar urte daramatza ere hobiak argitara emateko lanean, Alderdi Popularreko zenbait buruzagik gogorarazi eta aitzurtu nahi dituzten horiek hain zuzen ere. Haien senitartekoak oraindik bilatzen ari dituzten familia guztientzako errespetu falta da hori”, esan du, aldi berean gaineratuz “PPNren aldetik adierazpen horien gaitzespena behar da eta berandu dabil jada”. “Geroa Baitik Tellado jaunaren adierazpen zeharo oker hori gaitzesten dugu”, adierazi du.
Azconak ere zerga erreforma aipatu nahi izan du. Pablo Azconaren iritziz “garrantzitsua” da María Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakariak “berea egin izana guk mahai fiskalean eta modu publikoan azken hilabeteetan zehar planteatu dugun proposamena, errenta ertainei zuzendua alegia”. “Proposamena zehazteko zain, egia baita zehaztapen hori mahai fiskalean eman behar zaigula oraindik, lehendakariak bere egin du mahai gainean denbora luzea zeraman proposamena”, baloratu du, gaineratuz “Gobernuko kideekin lanean” ari direla, bai eta “gehiengoak osatzeko beharrezkoa diren beste eragileekin ere, datozen proposamen fiskalak, bai eta aurrekontuak ere aurrera ateratzeko”.
Bere adierazpenetan, Azconak ere Gazako egoera aipatu nahi izan du beste behin, Isralek Palestinako herriaren aurka gauzatzen ari duen genozidioa berriro ere gaitzesteko.
Pablo Azcona