Itzuli

Bakosek PP-ri leporatu dio “Moncloarako bidea egiteko bere saiakeran” Venezuelako herritarrak erabiltzen ari dituela

Zalantzan jarri du “aktarik gabeko egoera honetan, opakotasun demokratiko honen aurrean, Maduro presidente moduan ezin aitortu izatea, baina González bai ordea”

    Uxue Barkos Uxue Barkos

    Uxue Barkos Geroa Baiko senatariak Alderdi Popularrari leporatu dio “Venezuelako herriak bizitzen ari duen egoera larri eta ahula erabiltzen ari duela Moncloarako bidea egiteko bere saiakeran jarraitzeko”. “Zilegizkoa izango litzatekeen bidea ekipajea ere zilegizkoa balitz, baina milioika venezuelarren drama erabiltzea ez da hala”, gaitzetsi du Barkosek. 

    Edmundo González Venezuelako presidente moduan aitortzeko popularrek Goi Ganberan aurkeztu duten mozio baten eztabaidan Barkosek ziurtatu duenez, “Maduroren Gobernuak oinarrizkoena den gauza bat ukatzeko setakeria, uztaileko hauteskundeetako aktak alegia, beste edozein adierazpenek baino hobeago definitzen du Maduroren erregimenak duen oinarrizko elementu demokratikoen gabezia”. “Aktarik gabe, ez dago demokraziarik”, adierazi du Geroa Baiko senatariak.

    “Eta honetan, nazioarteko komunitateak modu argian hartu du jarrera: Europar Batasuneko erakunde gehienek egin duten modu berean eta espainiar Estatuko formakuntza politiko gehienek ere modu argian egin duten moduan”, gogorarazi du Barkosek, aldi berean berretsiz “aktarik gabe, ez dagoela demokraziarik; eta, hortaz, akta horiek ezkutatuz, Maduroren erregimena ez da demokrazia bat”.

    Zentzu honetan, Geroa Baiko senatariak defendatu duenez, akta eta gardentasunik ezean, ez da posible presidente moduan ez Maduro ez eta González aitortzerik. Horrela, Barkosek zalantzan jarri du “aktarik gabeko egoera honetan, opakotasun demokratiko honen aurrean, Maduro presidente moduan ezin aitortu izatea baina González bai ordea”. “Eta hau ez da nire iritzia bakarrik, ez eta Geroa Bairena bakarrik ere, zentzu amankomuna eta zentzutasun politiko txikiena duen edonor ezin da honekin ados egon”, kritikatu du, aldi berean ekimenaren sustatzaileei galdetuz “ea nola azaltzen duten pasa den uztailaren 28an Venezuelan egin ziren hauteskundeen zenbaketa-aktarik gabe eta, opakotasun demokratiko horren ondorioz Maduro presidente ez bada, zergatik González baden”.

    Ildo berean Barkosek PPri aurpegiratu dio pasa den astean Kongresuan aurkeztutako mozioaren ondoren orain “biribila gehiago biribiltzen” saiatu direla. “Oraingoan Espainiako Gobernua premiatzen duzue Edmundo González Venezuelako presidente moduan aitortzeko, baina horretan geratu ordez, Madurori botere eskualdaketa egitea ere eskatzen diozue”, azpimarratu du.

    “Atlantikoaren beste aldean proposamen honek edukiko duen onarpen mailarekin ez dut zalantzarik”, esan die ironiaz Barkosek, aldi berean ziurtatuz “baikortasun oso gutxikoa” dela “honi erantzuteko erabiliko duten baretasun mailarekin”. “Horregatik hain zuzen ere kezkatzen nau honek, zuek mozio honekin oposizioan dauden Venezuelako herritarrak eta bere buruzagiak ahulezia egoera kezkagarrian jarriko dituzuelako… eta zuek izango zarete horren erantzule!”, aurpegiratu dio Geroa Baiko senatariak Alderdi Popularrari.

    Horregatik guztiagatik, Alderdi Popularrak planteaturiko mozioaren aurkako bere botoa iragarri du Geroa Baiko senatariak. 

    Izena eman gure buletina jasotzeko