Itzuli

Banku eta energia konpainiei jarritako zergek Nafarroaren eskumenak inbaditzen dituztela salatu du Geroa Baik

Mikel Asiain parlamentariak Foru Gobernuari eskatu dio Estatuko Gobernua premiatu dezan Hitzarmen Ekonomikoaren Legean ezarritakoa bete dadin

    Mikel Asiain Mikel Asiain

    Finantza erakundeei eta energia konpainia handiei jarritako aldi baterako zerga berriek Nafarroaren eskumenak modu argian inbaditzen dituztela salatu du Geroa Baik, eta Foru Gobernuari eskatu dio Estatuko Gobernua premiatu dezan Hitzarmen Ekonomikoaren Legean ezarritakoa bete dadin. Zentzu honetan, Mikel Asiain parlamentariak ekimen bat erregistratu du, datorren ostegunean, irailak 8, Foru Parlamentuan eztabaidatzeko.

    “Oso hurbileko adibideak ditugu, Google eta Tobin tasak deiturikoen sorrera berriko zergak alegia, horiek Hitzarmenaren baitan sartu behar izan zirelarik, lehenik, eta modu logikoan, Hitzarmena bera aldatuz. Izan ere, aste honetan bertan Gobernu zentralak bere oniritzia agertu dio aldaketari, bertan, beste gai batzuen artean, berriki sortu diren bi zerga hauek agertuz”, ziurtatu du Asiainek.

    Geroa Baiko parlamentariak gogorarazi duenez, “pasa den uztailean, Estatuaren Egoeraren gaineko Debatean, Pedro Sánchez Estatuko Gobernuko presidenteak finantza erakunde eta energia konpainia handientzako aldi baterako zerga bana onartuko zirela iragarri zuen, bi urtetan 7.000 milioi euro inguru biltzeko helburuarekin”.

    Asiainek azaldu duenez, “iragarpen hori egunek aurrera joan ahala zehaztu zen, azkenean pasa den uztailaren 28an, Alderdi Sozialistako eta Unidas Podemoseko parlamentu taldeek Diputatuen Kongresuan Lege Proposamen bat erregistratu zutelarik”.

    “Zerga horiek ezartzeko modu zehatza zein den jada zehazten duen Lege Proposamen horretan, zerga horiek ez dira halakotzat hartzen, zergaz kanpoko ondare-prestazio publiko moduan baizik, horrek Estatuari zuzenean kudeatzea ahalbidetzen diolarik aurretik Nafarroako Gobernuarekin Hitzarmen Ekonomikoaren bitartez hitzartu gabe, sorrera berriko zerga guztiekin gertatzen den moduan”, azaldu du Geroa Baiko parlamentariak.

    Asiainen aburuz, Lege Proposamenean “gure Komunitatearen eskumenak modu argian inbaditzen dira, prestazio publikoaren ustezko aterki legal horretan babesturik Hitzarmena alde batera utziz”. “Nafarroako Parlamentutik, Nafarroaren subiranotasunaren ordezkari den heinean, eskumen inbasio hori salatu beharra dugu, bai eta Gobernua premiatu Hitzarmenaren Legea bete dezan”, ziurtatu du.

    Horregatik guztiagatik, aurkeztutako ekimenean Geroa Baiko parlamentariak “Nafarroako Gobernuari eskatzen dio Estatuko Gobernua premiatu dezan honek Hitzarmen Ekonomikoari buruzko abenduaren 26ko 38/1990 Legean ezarritakoa bete dezan, sortzen diren zerga berriak marko horren baitan sar daitezen eta Foru Komunitatetik kudeatzea ahalbidetu dadin”.

    Izena eman gure buletina jasotzeko