Bardeetako tiro eremua ixtea eta entitate onuradunentzako alternatiben azterlan bat egitea eskatu du Geroa Baik
Koalizioaren aburuz Bardeetako Parke Naturala ezin da helburu militaristetarako erabili, ez segurtasunagatik, ez eta arrazoi sozial eta ingurumen arrazoiengatik
Errege Bardeetako tiro eremua mantentzearen aurka agertu da azken urteetan behin eta berriro Geroa Bai. Denboraldi honetan zehar ekimen ezberdinen bitartez gauzatu den jarrera da hau, horiekin argi geratu delarik koalizioa, nafar gizartea bezala, bakezalea dela eta, hortaz, Errege Bardeak ez liratekeela helburu militaristekin erabili behar.
Datorren ostegunean Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkuran Geroa Baik tiro eremuaren desegitea eskatzen duen mozio bat defendatuko du, aldi berean garapen sozioekonomikorako aukerei buruzko azterlan bat egiteko beharra ere mahaigaineratuz, uneotan entitate onuradunek dituzten dirusarrerei alternatiba eskaintzeko, entitate horiek, zehazki, 19 udalerri, bi bailara eta monastegi bat direlarik.
Ekimenean Geroa Baik gogorarazi duenez, tiro eremuak 1951 urtetik darama funtzionatzen eta azken epealdi-berrikuntza 2008 urtean egin zen Bardeetako Batzarraren bilera batean, bertan Azkoien izan zelarik aurka bozkatu zuen bakarra. Berrikuntza 20 urteko epealdirako egin zen, 10 finko eta beste hainbat luzagarri; epealdi osorako 210 milioi euroren truke. Horrela, kontratua amaitzeko gutxi falta denean, koalizioaren iritziz une egokia da hau instalazio militarrak desegiteko erabakia hartzeko.
Mikel Asiain Geroa Baiko parlamentariak ziurtatu duenez, “ulertezina da duela 70 urte baino gehiagorik hona Errege Bardeetako parke naturala bezalako erreseba natural bat maniobra militarrak burutzeko erabiltzea”. Aldi berean berretsi duenez, “helburu hauetarako erabiltzeari utzi behar zaio, segurtasunagatik, baina baita ere arrazoi sozialengatik eta ingurumen arrazoiengatik”. Nafar gizartearen izaera bakezalea berretsi du parlamentariak, hala frogatu baita “azken urteetan egondako protesta ugaritan, bereziki urtero, ekaineko lehen asteburuan, burutzen den martxan, eta Nafarroako erakunde batzuk egindako eskaeretan, hainbatetan eskatu baita tiro eremuaren desegitea”.
Geroa Baik Nafarroako Parlamentuko Osoko bilkuran defendatuko duen ekimenean, Estatuko Gobernua zein Bardeetako Batzarra premiatzen dira instalazio hauek mantentzea ahalbidetzen duen kontratua ez dezaten luzatu. Aldi berean Nafarroako Gobernua premiatzen da, Nafarroako Errege Bardeen garapen sozioekonomikorako aukerei buruzko azterlan bat egin dezan, horrela uneotan entitate onuradunek dituzten dirusarrerei alternatiba bat eskaintzeko.
Mikel Asiain