Bardeetako tiro eremura Parlamentuko bisita bat egiteari betoa jartzeko Defentsa Ministerioak argudiaturiko “arrazoi operatiboak” konpondu ote diren galdetu du Barkosek
Asteburu honetan bertan instalazio honen inguruan ehiza larriko uxaldiak egin ondoren erregistratu du galdera
Uxue Barkos Geroa Baiko senatariak Defentsa Ministerioari zuzenduriko parlamentuko galdera bat erregistratu du gaur Goi Ganberan, Nafarroako Parlamentuko ordezkaritza bat Bardeetako Tiro Eremura bisita egitea debekatzeko Margarita Robles buru duen Departamentuak argudiatutako “arrazoi operatiboak gainditu edo konpondu” ote diren jakiteko helburuarekin, izan ere asteburu honetan bertan Bardeetan ehiza larriko uxaldiak egin dira, horietako batzuk Tiro Eremutik oso gertu.
Modu honetan, aurkeztutako ekimenean Barkosek gogorarazi duenez “pasa den urriaren 17an, Nafarroako Parlamentuko ordezkaritza batek bisita instituzionala egiteko baimena ukatu zuen Defentsa Ministerioak, horretarako «arrazoi operatiboak» argudiatuz”. “Hala ere, -jarraitzen du- egun batzuk beranduago, parkeko hainbat gunetan, horietako batzuk Tiro Eremutik oso gertu, ehiza larriko uxaldiak egin dira”.
Horregatik, Geroa Baiko senatariak Defentsa Ministerioari galdetu dio ea “Nafarroako Parlamentuaren bisita instituzionala ez baimentzeko argudiatutako «arrazoi operatiboak» gainditu eta/edo konpondu ote dituzten” eta erantzuna baiezkoa izatekotan, “bisita hori baimentzea aurreikusten ote duen”.
Zentzu honetan, Defentsa Ministerioak instalazio militar honen inguruan darabilen “opakotasuna” kritikatu du berriro ere Barkosek, eta gogorarazi du “Parke Natural eta Biosferaren Erreserba betean kokaturik egon arren su errealarekin maniobrak egiten direla, horrek inguruko herritar eta habitatean duen arriskuarekin”.
Uxue Barkos