Barkosek azalpenak eskatu dizkio Gobernuari Saharako kolektiboa etorkinen ezohiko erregularizaziotik kanpo utzi izanagatik
Exekutiboak argudiatutako arrazoi teknikoak zalantzan jarri ditu eta “izaera politikoko beste arrazoiak baloratu ote diren” planteatu du, “hala nola, bazterketa hau konpontzeko Saharako herriari zor zaion konpromisoa”
Uxue Barkos Geroa Baiko senatariak Gobernu zentralari zuzenduriko galdera sorta bat erregistratu du Goi Ganberan, etorkinen ezohiko erregularizaziotik aberrigabeko pertsonen bazterketa dela eta azalpenak eman ditzan, horien gehiengoa Saharar jatorria dutelarik.
Zentzu honetan, Barkosek gogorarazi duenez “bazterketa hau justifikatzeko, Gobernuak Estatu Kontseiluaren irizpena erabili du, horren gomendioaren arabera, aberrigabe estatusa eskatzen duten pertsonak ezin baitira nazioarteko babesa eskatzen dutenen marko berean kokatu, egoera juridiko ezberdinak direla irizten baitu eta bi egoerak parean jartzeak ziurgabetasun juridikoa eta bikoizketa administratiboak eragin ditzakeela”. “Hala ere, -jarraitzen du Geroa Baiko senatariak- azken idazketan, aberrigabe estatusa eskatzen dutenak bakarri geratu dira kanpoan, hasierako zirriborroetan ezohiko prozesuaren baitan egotea aurreikusten zen arren”.
Egoera honen aurrean, Barkosek Exekutiboa premiatzen du, ea bazterketa hau arrazoi teknikoetan bakarrik oinarritzen den argitu dezan, eta era berean jakin nahi du “ez ote diren izaera politikoko beste arrazoirik aintzat hartu, hala nola bazterketa hau konpontzeko Saharako herriari zor zaion konpromisoa”.
Era berean, “Estatu Kontseiluak adierazitako oztopoak saihesteko eta kolektibo hau legearen baitan egotea bermatzeko Gobernuak zergatik ez duen arau alternatiborik artikulatu” galdetu du senatariak, bai eta “pertsona hauek linbo juridikoan ez geratzeko neurririk aurreikusten ote duen ere”.
Modu honetan, kolektibo hau erregularizazio prozesutik kanpo uzteko Gobernuaren erabakia kritikatu du Barkosek eta egoera honentzako konponbide bat eskatzen dio Gobernuari. “Egoera oso larrian dauden pertsonei buruz ari gara, aberrigabeen prozesua urte askoz luzatu baitaiteke eta denboraldi horretan zehar ezin dute lan baimenik lortu, horrek zaurgarritasun eta prekarietate egoera argian uzten dituelarik”.
Azkenik, Geroa Baiko senatariaren iritziz “diskriminatzailea” da pertsona hauek ezohiko erregularizazio prozesutik kanpo uztea eta azpimarratu duenez, “dirudienez, kasu honetan beste interes batzuk gailendu dira, oso zaurgarria den kolektibo baten oinarrizko eskubideen aurrean”.
Uxue Barkos