Barkosek bere kezka agertu du pandemiak osasungintzari zein ekonomiari dagokienez izaten ari duen bilakaeraren aurrean
Uxue Barkos Geroa Baiko eledunak Nafarroako Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzarraren ondoko prentsaurrekoan bere “kezka” agertu du pandemiaren bilakaeraren aurrean eta “egoera ekonomikoari garrantzia bereko bigarren begirada egin” behar zaiola azpimarratu du. Horregatik, osteguneko osoko bilkuran Geroa Baik Nafarroako Gobernuari Europako funtsei buruz galdetuko diola iragarri du Barkosek.
Halaber, kontrol saioan Geroa Baik Hezkuntza kontseilariari Mendigorrian D ereduko ildo baten irekierari buruzko galdera egingo dio ere.
Bestalde, prentsaurrekoaren baitan, Euskal Autonomia Erkidegoan EH Bilduko bozeramaile den Maddalen Iriartek asteburu honetan esandakoei buruz galdeturik, ETAk eragindako mina aitortua dagoela eta bidezkoa edo bidegabea zenik errelato bakoitzaren araberakoa dela alegia, Uxue Barkos Geroa Baiko eledunak adierazi duenez “eskubideen urraketa oro erabat bidegabea da eta jarrera honetan ez dago bestelako aukerarentzako tokirik”.
Halaber, Ayerdi kontseilariaren egoerari buruz galdeturik, Barkosen iritziz “Gobernua sostengatzen dugun guztiok gaude legea betetzearen alde”. “Ayerdik lehen unetik ez du zalantzarako tarterik eman eta legearen ezarpenak agintzen dionean, dimititzeko bere betebeharra beteko du”, azaldu du.