Barkosek PP-ri leporatu dio Senatuan duen gehiengo osoa erabiltzen ari duela amnistia legea oztopatzeko
Amnistiaren Lege Organiko Proposamenari PPk eta VOXek aurkeztutako betoak gaitzetsi ditu
PPk eta VOXek Amnistiaren Lege Organiko Proposamenari aurkeztutako betoak gaitzetsi ditu Uxue Barkos Geroa Baiko senatariak gaur Senatuan egin den Konstituzio-Justizia Batzorde bateratuan. Foru senatariak gogorarazi du lege hau Goi Ganberan tramitatzeko Batzordearen baitan garatu den ponentzia “zuzenketen epea jada amaitu denean burutu” dela. “Parlamentuko prozedimenduaren ordenamenduan anomalia bat izateaz gain, Senatuan gehiengo osoa duen PPren erabakia agerian uzten du, prozedimendu hau txikle bat bailitzan luzatzea alegia”, azpimarratu du.
Geroa Baiko bozeramaileak gainera PPri leporatu dio Amnistiaren Lege Organiko Proposamenari formakuntza horrek aurkeztu dio betoa Ponentzia egin aurretik prestatua zegoela. “Beto hauek ez dituzte ponentziara deituriko adituen ekarpenak kontuan hartzen, ez eta Batzordeko letratuak berak burututako txostena ere”, gaitzetsi du.
Zentzu honetan, PPri aurpegiratu dio “Ganbera honetara adituak ekarri aurretik” haien erabakia hartuta zutela jada, bai eta “Ganberako zerbitzu juridiko guztiak tartean nahastu aurretik betoak prestatuta zituztela ere, eta duela hilabete asko bazekitela hona iritsiko ginela”.
“Azken finean, zer bilatu duzue, PPko jaun andereak? Oztopoak jarriz prozesu hau luzatzea eta ‘arrazoiz’ janztea, zuen arrazoi propioz, Amnistia Lege proposamena onartuko dela nahiko argi aurreikusiz”, salatu du foru senatariak.
Barkosek gainera PPri aurpegiratu dio “bakar-jokoan tranpak” egiten dizkiola bere buruari Goi Ganberan duen gehiengo osoa erabiliz. “Aditu guztiek ez dute esan Kongresuaren proposamena konstituzioaren aurkakoa denik. Horietako batzuk, gutxienak baina ez horregatik okerragoak, neurriaren alde eta konstituzioarekin bat datorrela adieraziz tinko agertu dira eta, are gehiago, legegilea horren gainean lege proiektu bidez bere iritzia agertzeak erakusten duen esentzia zeharo demokratikoaren alde”, nabarmendu du Barkosek.
Ildo honetan, Barkosek gogorarazi du PPk ez duela Auzitegi Konstituzionalera jo ere egin popularrek salatzen duten ustezko eskuduntza gatazka horren kasua analizatzera. “PPko jaun andereak, azkenean Konstituzionalak edo Europak legea konstituzioarekin bat datorrela badio, legeari men egingo al diozue?”, galdegin du foru senatariak.
Azkenik, Geroa Baiko senatariak ziurtatu duenez “Senatuko tramitazio hau gaizki hasi zen Ganbera hau Auzitegi Konsituzionalaren aurreko pausoa bihurtu nahi izan zenutenetik: ganbera legegile bat pauso judiziala markatzen saiatuz”. “Gaizki dago botere judizialaren eginkizunak usurpatzea, baina okerragoa da oraindik legelariaren eginkizunetan utzikeriaz aritzea; herri subiranotasunaren ordezkaritzan utzikeriaz aritzea”, amaitu du adieraziz.