Baztango Geroa Baik Bildu eta Baztango Ezkerraren gardentasun eza kritikatu du
Joan den uztailaren 18an, Baztango Geroa Baik astebeteko aitzintasunarekin 2 puntuko mozioa aurkeztu zuen Batzorde Informatibo Orokorrean, honako hau eskatuz:
- Zinegotziek bilkuretara joateagatik gehienez 900€ kopurua berrezartzea.
- Udalaren webgunean udalbatzako zinegotziek osotara kobratzen dutena hilabetero argitaratzea.
Bilduk eta Ezkerrak bi puntuen kontra bozkatu zuten. Baina harriturik ikusi genuen premiazko mozio bat presentatu zutela berehala eguneko gai zerrenda akitu bezain laster.
Haien mozioan Baztango Geroa Baik bilkuretara joategatik kobratzeko proposatu zuen gehienezko kopuru bera proposatzen zuten orain. Eta haiek orain dela hilabete bat proposatu eta onartu zutena aldatzea proposatzen zuten aldi berean, diru kopuruak aldatuz.
Gure ustez, Bilduk eta Ezkerrak aurkeztu zuten mozioa Baztango Geroa Baik aurkeztutako bi puntuetara biltzen ahal zen. Jakina den gisan, Baztango Geroa Baik Gobernu taldeak aurkeztu mozioaren aldeko botoa emana baitzuen.
Gure ustetan, kritikatzen dugun jarrera hori Bildu eta Ezkerraren gardentasun faltaren proba da, udalbatzako kide guziek kobratzen dituzten diru kopuruak webgunean argitaratzea ukatzen baitute.
Hala ere, Bildu eta Ezkerraren jarrera ilun horrek ez gaitu harritu beharrik: orain dela lau urte proposamen bera arrakastarik gabe ekarri izana baitzen batzorde informatibora. Eta ez bakarrik gai hori. Azkeneko legealdian Udal langileen kontratazio prozesuen gaineko informazioa eskatu genuen ere. Eskaera hori onartu zen, baina inoiz ez da eskatutakoa bete, eta udalbatzaren erabakiari ez zaio kasurik egin.