Baztango Geroa Baik udaleko dokumentazioan gardentasuna sustatzearen alde egin du

Baztango Geroa Baik Udaleko udal talde guztiei Udalaren kontratazio espedienteen dokumentazioa eskabiderik gabe modu automatikoan ematea proposatu du, modu horretan kudeaketan gardentasuna sustatzearen alde eginez.
Udal taldeak mozio bat proposatu zuen zentzu honetan azken udalbatzan, Geroa Bai (2) eta Auzolanean (1) taldeen botoekin aurrera ateraz, eta EH Bildu (4), UPN (4) eta Baztango Ezkerra (2) taldeen abstentzioekin.
“Baztango Udaleko zinegotzien lana errazteko helburuarekin eta gardentasuna sustatzearen bidean, udal talde guztiei eta Kontratazio Epaimahaiko kideei kontratazio espedienteen dokumentazioa era automatikoan ematea eskatzen da, eskabiderik egiteko beharrik gabe, gobernu taldearen jardueraren gaineko kontrol handiagoa ahalbidetuz”, azpimarratu du Geroa Baik.
Udal taldeak azaldu duenez, kontratazio mahaien gaineko informazioa Udalak berak ematen du eskatzen denean, baina aurkeztutako ekimenak tramite horiek erraztea du helburu.