Baztango Udalak Geroa Bairen lau proposamenei emandako ezetza deitoratu du koalizioak
Baztango Udalak, maiatzeko osoko bilkuran, 2025 urteko Udal Aurrekontuari egindako alegazioetan Geroa Baik aurkeztutako lau proposamen baztertu zituen. Zehazki, Baztango Geroa Baik hiru azterlan egitea proposatu zuen, lehena, udal baso-mintegi bat sortzea, beste bat, fruta-arbola landaketa bat egitea etorkizunean horiek saldu ahal izateko, eta hirugarrena, bailarako eraikin historiko eta berezien maketekin Baztango Arkitekturaren Museo bat sortzea Iruritako Dorrea dorretxean, gaur egun jarduerarik gabe baitago. Halaber, Santiago eta Aita Donostia kaleen artean dagoen aparkalekua berregokitzeko 5,000 euroko inbertsioa planteatzen zen, parrokiako lorategiaren eta Panificadora Baztanesa enpresaren artean, gune hori abandonaturik eta udalaren utzikeriagatik oso ondatuta geratu baita, izan ere bertan zeuden ornamentaziozko lau zuhaitz moztu ziren, erabat osasuntsu eta 15 urte baino gutxiagokoak izan arren.
EH Bildu talde maioritarioak ez zuen bere ezezkoa inongo moduz arrazoitu, nahiz eta alkateak, aurretik, kritikatu Baztango Geroa Baik Aurrekontuari alegazioak aurkeztu izana, hori, bere ikuspuntutik, baztandarrentzako kaltea zela esanez, aurrekontuaren onarpena atzeratzen duelako.
Baztango Geroa Baik honi erantzuna eman zion, esanez “EH Bilduk aurreproiektua elkarbanatu izan balu eta udal talde guztioi proposamenak eta ideak eskatu izan balizkigute, hala espero baita, ez lirateke alegaziorik egongo”. Baztango Geroa Baik bere proposamenak baztertu izana deitoratu du, “Baztango Udalak duen gelditasuna frogatuz, anbiziorik gabeko, ideiarik gabeko, imajinaziorik gabeko eta aberastasunik sortzen ez duen aurrekontu batekin, are gehiago Bailararako une oso delikatua den honetan”. “Baztan, Nafarroan lur azalera handiena duen udalerria eta eskualdean ahalmen ekonomiko handiena duena, komunitatean errenta baxuena duen udalerria izatera eramaten ari dute”, salatu du.