Belaunaldi larrialdiaren aurkako talka-neurri sorta bat aurkeztu du Senatuan Gazteok Baik
Horretarako, gazte antolakundeak mozio bat aurkeztu du Goi Ganberan Mallorca Nueva, Jóvenes PV, Somos Compromís eta Jóvenes de Más Madrid antolakundeekin batera
Gazteok Bai Geroa Bairen gazte antolakundeak, Senatuko Izquierda Confederal Taldea babesten duten beste antolakundeekin batera, ekimen bat bultzatu du “gazteriarentzako lan baldintza hobeak, etxebizitza alorrean politika ausartak eta sufragio aktiboa bermatzeko eta gazteak demokrazian ordezkaturik egoteko apustu tinkoa” eskatuz. Beste antolakundeekin batera aurkeztu du testu hau Senatuan Gazteok Baik, gazte mugimendu sozialetako gonbidatuak eta Izquierda Confederal taldeko senatariak ere bertan egon direlarik, eta testuarekin bat egin dute ere Juventudes de Esquerra Menorquinista (JEM), Nafarroako Gazte SozialBerdeak eta Juventudes de Izquierda Andalucista antolakundeek.
Ekimena bultzatu duten gazte antolakundeek nabarmendu dutenez, “belaunaldien arteko tartea handiagoa da egunero, horrek gure buruko osasunarengan, gure lan bizitzarengan eta gure emantzipazio aukerengan eraginez gainera, baina bitartean politika publiko eta erabaki nagusietan ez gaituzte kontuan hartzen”. “Belaunaldi larrialdi” moduan deritzoten egoera honen aurrean, prekariotasunaren aurkako borrokarako neurri sorta bat proposatzen dute: bekadunen estatutua hobetu, lan praktikak aldatu lan esperientzia moduan aintzatetsi daitezen eta langabezia-kotizaziorako eskubidea eman dezaten eta, beste gauza batzuen artean, gazte bermearen sistema hobetu nahi dute ere. Era berean, transbertsala eta belaunaldien artekoa den etxebizitzaren arazoari eta emantzipazioari heldu nahi diote ere, horretarako alokairuaren prezioaren erregulazioa eta etxebizitza hutsen aurkako neurriak proposatuz. Azkenik, Erkidegoetako eta Estatuko hauteskundeetarako zerrendetan, 7 lehen postuen artean 30 urte baino gutxiagoko hautagai bat bermatzearen alde egiten dute.
Guillermo Larrayoz Gazteok Baiko idazkari estrategikoak ekimenaren aurkezpenean nabarmendu duenez, “gazte alokairurako laguntza sistemak hobetzeko eta esportatzeko garaia da, Nafarroako Gobernuaren Emanzipa programa bezalakoa adibidez, bai eta espekulazioa ekiditeko neurriak hartzeko unea ere”. Era berean azpimarratu duenez, “lan merkatuara sartzen ari diren gazteak alde batera uztea ezin dugu onartu, direla hauek bekadunak, praktiketan dauden ikasleak edo langabetuak. Gazte guztiok desesperatzen ari gaituzten arazo hauei konponbidea eman behar diegu”. “Nork konponduko ditu gazteen arazoak ez badira gazteak beraiek? Nor izango da gazteen ahotsa ez badira gazteak beraiek?”, galdegin du Larrayozek, aldi berean azpimarratuz “gazteen ordezkaritza txikiegiak ordezkaritza-krisiaren sugarrak piztu baino ez dituela egiten, horrek mesfidantza eta gazteriaren eta demokraziaren arteko deskonexioa areagotuz eta, horrela, gure sistema demokratikoaren kalitatea urrituz”.
Amaitzeko, gazte antolakundeek ziurtatu dute neurri hauek Goi Ganberan jaso eta horiek burutzeko Gobernu zentralera helaraztea espero dutela. Guillermo Larrayozek azpimarratu duenez, “gazteok geure ikuspegi propioa emateko gero eta zailtasun handiagoak ditugun arren, gu entzutea eta balioestea betebehar demokratikoa izan behar da”. “Modu independentean, Gazteok Baitik gazteen babeserako eta gazteei eskubideak emateko neurriak defendatzen jarraituko dugu, bizitza duina aldarrikatzeko ezin baikara beste belaunaldien mende egon”, amaitu du adieraziz.