Bere aniztasunarekin harro dagoen, irekia eta solidarioa den eta positiboan eraikitako Nafarroaren ahotsa Madrilera eramatea defendatu du Geroa Baik
Nafarroaren interes orokorra Madrilen defendatzearen garrantzia azpimarratu du María Solana Diputatuen Kongresurako hautagaiak, leialtasun instituzionalarekin, baina irmotasunez, konpromiso politikoarekin, lanarekin eta ausardiarekin
Geroa Baik datorren uztailaren 23ko hauteskundeetan Diputatuen Kongresurako eta Senaturako hautagaitzak aurkezteko ekitaldi bat egin du arratsalde honetan Uharteko Don Carlos Hotelean. María Solana Arana da Behe Ganberako hautagaitzaren buru, bere atzetik Jesús Ángel Arandia Miquelez, Esther Cremaes Mayorga, Idoia de Carlos Espartero eta Daniel Innerarity Grau hautagaiek osatzen dutelarik zerrenda. Senatuari dagokionez, Geroa Bairen zerrendan Silvia Camaces Murillo, Anika Luján Martínez eta Joseba Orduña Navarro daude.
Ekitaldian, María Solana Diputatuen Kongresurako zerrendaburua izan da hitzaldiaren arduraduna, eta Geroa Bai uztailaren 23ko hauteskunde orokorretan egotearen garrantzia azpimarratu du. “Gure proiektu politikoak Nafarroarentzako duen garrantziarekin konbentziturik gaude, bai eta udaletan, Parlamentuan, Gobernuan eta gauden erakunde guztietan burutu dugun eta burutzen dugun eginkizun garrantzitsuarekin ere”, defendatu du Solanak. “Zeinek defendatzen du hoberen geurea? Guk argi dugu: Geroa Baik, eta datorren uztailaren 23an gure helburua zera da, bere aniztasunarekin harro dagoen eta positiboan eraikitako Nafarroa ireki eta solidarioaren ahotsa Madrilera eramatea”, ziurtatu du.
Uxue Barkosek, Bixente Serrano Izkok, Anika Lujánek edo Koldo Martínezek Gorteetan burututako lana baloratu du Solanak eta Geroa Baik Madrilen eserleku bat izatearen garrantziaren adibide garbia dela nabarmendu du ere. “Madrilen gizarte plurala, irekia, elebiduna, aurrerakoia, soziala eta solidarioa defendatzea posible dela frogatu dugu”, azpimarratu du. “Bere nortasunarekin harro dagoen eta aniztasunarekin begirunetsua den Nafarroa bat defendatu dugu, eta ahots propioarekin egin dugu, Nafarroaren interes orokorra defendatuz, leialtasun instituzionalarekin, baina irmotasunez, konpromiso politikoarekin, lanarekin eta ausardiarekin”, azaldu du hautagaiak.
Solanaren arabera, “Geroa Baik gaur ordezkatzen duen proiektuak UPNri talde mistorako bidea erakutsi dio, gaur Madrilen Nafarroaren ahotsa dela aldarrikatzen baitu, Nafarroa Bairen eta Geroa Bairen leloa eta nortasunaren ezaugarri dena alegia, eta hauteskunde orokor guztietan defendatu duena”. “Harrigarria da ere orain PSNren hautagaiek esatea hauteskunde hauetan Nafarroak bere Foruak jokoan dituela”, adierazi du Solanak, aldi berean Alderdi Sozialistari ongietorria emanez “Foruaren eta autogobernuaren defentsara, Madrilen Zapateroren edo Pedro Sánchezen Gobernuekin defendatu ez dutena alegia, Foru Parlamentuan onartutako foru legeei Auzitegi Konstituzionalean helegiteak jartzen ibili baitira”. “Beste formakuntzek aldarrikapen hauekin bat egitearekin pozik gaude, bai eta gure Nafarroarentzako 10 urte baino gehiagotan zehar jardun dugun politika egiteko beste moduekin bat egitea ere”, adierazi du.
Kongresurako hautagaiak azaldu duenez, PP eta PSOE uztailaren 23an Feijoo eta Sánchezen artean aukeratu beharra dagoela ikusaraztearekin tematurik dauden arren, Nafarroan benetan erabakitzen dena zera da, Kongresura 5 ordezkari eta Senatura beste lau eramatea. Ildo honetan azaldu duenez, “datorren uztailaren 23an maiatzeko hauteskundeetako emaitza bera errepikatuko balitz, Geroa Baik diputatu bat edukiko luke, jarleku bat”. “Eta hori da hauteskundeetarako dugun hilabete eskas honetan dugun erronka: maiatzean bozkatu gintuen nafar herritarrak konbentzitzea, berriro egin dezaten, Nafarroako erakundeetan burutzen dugun lana Estatuko erakundeetara ere eramatea garrantzitsua baita, Kongresura eta Senatura eramatea alegia”, ziurtatu du.
Horregatik guztiagatik, María Solanak nabarmendu duenez “gure Komunitatearentzako hauteskunde garrantzitsuak dira, geurearentzako, geure jendearentzako”. “Geroa Baitik argi dugu, -azpimarratu du- Estatuak oraindik zor dizkigun konpromisoak Nafarroatik aldarrikatzen jarraituko dugu, geure lurraldearen etorkizuna eraikitzeko”. Horrela, kritikatu duenez, “ez PSOEK ez eta PPk ere ez dute Espainiako gobernu ezberdinetatik Nafarroarekin zuten haien erantzukizunekin bete”.
Azkenik, “jarleku batekin gauza asko alda ditzakeela” azpimarratu du Solanak, “Nafarroa Baik eta ondoren Geroa Baik jada egin zuten moduan”. “Nafarroa entzuna izatea eta erabakigarria izan ahal izatea berma dezake eserleku bakar batek, gako izan daitekeelarik ere aurrerapen sozialeko eta elkarrizketan oinarrituriko gobernu bat eratzerako orduan”, amaitu du adieraziz.