Berokuntza zentrala duten komunitateei gas tarifa murriztua onartzea eskatuko dio Senatuan Koldo Martínezek Sánchezi
Neurri honek 200.000 familia baino gehiagorengan du eragina Nafarroan
Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak ekimen bat erregistratu du Goi Ganberan, Gobernu zentralak gas bidezko berokuntza zentrala duten bizilagun-komunitateei Azken Baliabideko Tarifa eskuratzeko aukera eman diezaien, berokuntza indibiduala duten familiek jada baduten kostu murrizketak eskuratzea ahalbidetuz.
Gaur egun Sánchez exekutiboaren irizpidearen arabera gas bidezko sistema zentralizatua erabiltzen duten bizilagun-komunitateak enpresen parekoak dira, 50.000 kWh baino gehiago kontsumitzen baitute, horrela galdara indibidualak dituzten familiek baino hiru aldiz gehiago ordainduz. Koldo Martínezek gogorarazi duenez bereizkeria horrek 1.600.000 familia baino gehiagorengan du eragina Espainian, horietako 200.000 Nafarroan.
“Berokuntza zentrala duen eraikin batean bizi den familia batek 0,12 eta 0,19 euro bitarteko salneurrian ordaindu behar du kilowatt/ordua merkatu librean egonagatik, bien bitartean txalet batean salneurria 0,05 eurokoa delarik. Bereizkeria honek ez du inolako zentzurik, berokuntza ez baita luxuzko produktu bat, beharrizana baizik”, azpimarratu du Geroa Baiko senatariak.
Koldo Martínezek iragarri duenez, “bizilagun-komunitateak behar bezala tratatzeko premia asteartean helaraziko diot Gobernuko presidenteari Senatuan egingo duen agerraldian, berokuntza behar duten familiak baitira, gasarengatik gainontzekoek ordaintzen duten bera ordaindu behar dutela, gaur egun gertatzen den moduan abusuzko salneurrian erosi ordez. Negu honetan berokuntza zentralaren orduak murriztea planteatzen ari dute jada komunitate batzuk, eta gauza bat energia aurreztea da, baina bestea etxean berokiarekin egotea”.
BEZren beherakada
Gasaren BEZ %21etik %5era jaisteko Sánchezek gaur egindako iragarpenarekin bat agertu da Geroa Baiko senataria. “Faktura murriztea ahalbidetuko duen pauso bat da, baina eraikin zaharretako komunitateek pairatzen duten bereizkeriari amaiera jarri behar zaio ere, urteak baitaramatzate haien eraikinetan instalazio zentralen eraginkortasuna hobetzeko inbertsioak egiten eta orain 150 euro baino gehiagoko fakturak dituzte, tarifa murriztua dutenek 50 euro ordaintzen duten bitartean”