Itzuli

Berrikuntza demokratikorako neurrien artean Sekretu Ofizialen Legearen erreforma egitea eskatuko du Geroa Baik

Egungo Legea erregimen frankistak onartu zuela eta behin bakarrik aldatu zela, epealdi aurrekonstituzionalean gainera, berretsi du Blanca Regúlez parlamentariak.

    Blanca Regúlez Blanca Regúlez

    Geroa Bairen iritziz honakoa une egokia da Sekretu Ofizialen Legea erreformatzeko. Koalizioak zentzu honetan egiten duen ekimen bat aurkezten duen lehen aldia ez da hau, berriki parlamentuko galdera bat erregistratu baitzuten eta 2021ean Nafarroako Parlamentuak onartu zuen jada zentzu berean egiten zuen ekimen bat, Geroa Bairen ekimenez ere. Orain, eta berrikuntza demokratikoa deritzonaren harira, horretarako neurriak ezartzearen beharrari buruz ireki den eztabaida aprobetxatuz, honakoa bezain beharrezkoa den aldaketa bat burutzeko aukera dago.

    Blanca Regúlez parlamentariak adierazi duenez, “eskatzen duguna zera da; Lege honen aldaketa prozesu horren baitan ezarriko diren neurrietako bat gehiago izatea”. Eta gogorarazi duenez, egungo araudia, 1968 urtekoa, erregimen frankistaren garaian onartu zen eta egin zaion aldaketa bakarra 1978an izan zen, epealdi aurrekonstituzionalean oraindik.

    Horrela, azpimarratu duenez, “Demokraziaren bihotza ukitzen duen alor honetan, Espainia erregimen diktatorial baten logikari erantzuten dion 1968 urteko lege batekin arautzen da”. Regúlezek gogorarazi duenez,  lege horrek “publikoa izan beharko lukeen informazio baten ezagutza ekidin du, munduko herrialde gehienetan duten legediaren alderantzizkoa, eta hori guztia Estatuaren segurtasun eta defentsa aitzakia moduan jarriz, Konstituzioak babesten duen balioa baita, nahiz eta absolutua ez izan”.

    Gainera, Geroa Baiko parlamentariak berretsi duenez, “parametro demokratikoetatik abiatuz, beste balore eta printzipioekin uztartu beharra dago, Espainian ere, formalki gutxienez, 1978 urtetik Konstituzioak babesten baititu printzipio horiek”. Horregatik, Regúlezen aburuz “beharrezkoa da Lege hau egungo sentikortasun sozialera egokitzea gardentasunaren baloreari dagokionez eta egungo erakundeetara doitzea”.

    Beste gai batzuen artea, indarrean dagoen Sekretu Ofizialen Legeak “klasifikaturiko informazioari eskatzen zaion test hirukoitza ahazten du, hots legezkoa izatea, proportzionaltasuna eta sekretuaren beharra betetzea. Ez ditu ezta ere klasifikaziorako epeak jasotzen, informazioa betiko sekretua izatea ahalbidetuz eta informazio juridikoa klasifikatzeko eta desklasifikatzeko ez du prozedimendu argirik jasotzen, ez eta hizkera anbiguoaren erabilerarekin zer ikusirik duten beste gairik edota garai hartan ulertezinak ziren erakundeei erreferentziarik ere”.

    Horrela, Legearen aldaketak, Blanca Regúlezek azpimarratu duenez, “sekretuak edo erreserbatuak diren gaien klasifikazioak epe jakina edukitzea bermatu beharko du, AEB, Erresuma Batua, Alemania edo Suitzan egiten den moduan”.

    Lege honen aldaketa egiteko Diputatuen Kongresutik bultzatu diren ekimen ezberdinak aipatu ditu ere Regúlezek. Ildo beretik doa Nafarroako Parlamentuak honi buruz jada onartu zuen mozioa ere.

    Eta izan ere, parlamentariak berretsi duenez, “higiene demokratikoak eskatzen du desklasifikazioa”, nazioarteko zuzenbideari betekizuna emateko ere. Era berean gogorarazi duenez, “iraganeko gertakizunak, hala nola diktadura frankistan, trantsizioan, O23ko Estatu kolpean, 1985eko azaroan Mikel Zabalzaren desagerpen eta hilketan edo GALen hilketetan Estatuak jokatutako papera, Sekretu Ofizialen Lege honetatik kanpo atera behar dira behingoz”, izan ere, eta azpimarratu duenez, “gizarteak gertatutakoa ezagutu behar du eta merezi du”. Kasu horiei, gaineratu du Blanca Regúlezek, “dokumentu militar gehienak, harreman diplomatikoak edo iraganeko borroka antiterroristaren dokumentuak batu behar zaizkie, XV eta XX mende bitartekoak diren eta gaur egun sekretu ofizial moduan klasifikaturik dauden dokumentuak alegia”.

    Izena eman gure buletina jasotzeko