Berroeta, led argiztapena duen Baztango lehen herria
Geroa Baik Nafarroako Aurrekontu Orokorrei egindako zuzenketa bati esker burutu da ekintza hau
Berroetako bizilagunek trantsizio energetiko deitzen denaren adibide bat ikus dezakete jada haien kaleetan, LED argiztapena duen Baztango lehen herria bilakatu baita. Geroa Bairen parlamentu taldeak 2021 urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei aurkeztutako zuzenketa bati esker burutu da ekintza hau.
Behin lanak amaiturik, Rubén Ciganda eta Ioseba Moreno, Baztango Geroa Baiko zinegotziek atseginez bisitatu ahal izan dute ekintza honen emaitza. 20.000 euroko zuzenketa hori Baztango Geroa Bairen eta parlamentu taldearen arteko lankidetzaren emaitza izan zen.
Baztango bertze herrietan mota honetako ekintzak egiten jarraitzeko asmoa du koalizioak eta horregatik erakunde ezberdinei eskatu die “gizarteak eskatzen dituen ekintza mota hauek egin daitezen, kontuan izanik gainera gure haranara mantsoago iristen ari direla Nafarroako bertze herriekin alderatzen badugu”. Ildo honetan, Geroa Baik gogorarazi du 2020an Baztango udal aurrekontuen alde bozkatu zuela, eraginkortasun energetikorako plan baten idazketa eta Arizkuneko kontsultategiaren handitzea adostu ondoren.