Bidesariak jarri aurretik garraio sektorearentzako neurriak bultzatzearen beharra gogorarazi du Geroa Baik
Pablo Azcona eta Mikel Asiain Tradisna Nafarroako Garraiolarien Elkartearen ordezkariekin bilera egin dute sektorearen egoera analizatzeko
Errepideetan bidesariak jarri aurretik garraio sektorearentzako akonpainamendu neurriak (neurri fiskalak barne) bultzatzearen beharra gogorarazi du Geroa Baik; Nafarroako errepideen erabileraren kanona arautzen duen Foru Legearen markoan koalizioak PSN, EH Bildu eta Podemosekin lortutako akordioa eta konpromisoa alegia.
Pablo Azcona, koalizioaren Lurralde Kohesiorako bozeramaileak, eta Mikel Asiain, Ekonomia eta Ogasun bozeramaileak, Ignacio Ezcurra Tradisnako Gerentearekin bilera egin dute, bertan ere elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kide diren Miguel Casteleiro, Óscar Bueno eta Mikel Saraleguik parte hartu dutelarik. Bileraren baitan errepide bidezko merkantzien garraioaren sektorearen egoera analizatu dute eta haien proposamen eta aldarrikapenak entzun dituzte ere.
Geroa Bairen parlamentariek Tradisnako ordezkariei helarazi dietenez, koalizioak “adostutakoa betetzeko konpromisoa” mantentzen du, hau da, “errepide bidezko merkantzien garraioari bidesariak ezarri baino lehen sektorearentzako laguntza-neurriei buruzko txosten bat edukitzea”. “Gaur egun, sistema hau 2023ko abenduaren 31an indarrean sartzeko baldintzak ez dira betetzen, hasiera batetik ohartarazi genuena alegia, horregatik epe hori handitzea beharrezkoa dela deritzogu”, azpimarratu zuten.
Akordio honekin batera, Nafarroako errepideen erabilera kanona arautzen duen legean Geroa Baik sartu zituen zuzenketak gogorarazi zituzten Azconak eta Asiainek, sektoreak eskatzen zituen batzuk jasoz, bai eta ibilgailuak tona-kopuruaren arabera sailkatzea edo kanona 60 egunera igortzea.
Halaber, Errepideen Mahaian erdietsi ziren ondorioak defendatu zituzten Geroa Baiko parlamentariek, bai eta edukiera handiko bideen kudeaketarako enpresa publiko baten sorreraren inguruan lortutako akordioa ere, azken hau “Nafarroako errepideen jasangarritasuna eta nahikotasun finantzarioa eskainiko duen konponbide integrala bilatzeko beharrezkoa baita”.
Azcona eta Asiainen arabera, “agerikoa da hamarkadetan zehar Nafarroako Aurrekontu Orokorrek ez dutela errepide sarea hobetzeko diru kopuru nahikoa jaso. UPNren ereduak, itzalpeko bidesarietan oinarritua eta finantzaketa eskasarekin, egungo inbertsioak hipotekatzen ari ditu”.
“Foru Exekutiboak 100 milioi euro inguru ordaindu behar ditu urtero itzalpeko bidesariei aurre egiteko, UPNren gobernuek utzi ziguten herentzia alegia. Finantzaketa eredu honekin ez gaude ados, bidegabea eta oso garestia baita, eta horregatik beti bilatu ditugu errepide sarearen kontserbazio eta mantentzearen finantzaketarako alternatibak”, ziurtatu dute koalizioko parlamentariek.
Azkenik, Geroa Baiko parlamentariek Tradisnarekin egindako bilerari buruz adierazi dutenez, “errepide bidezko merkantzien garraio sektorearen aldarrikapenak entzuteko balio izan du, bai eta kostuen gorakadaren ondorioz, erregaiarena bereziki, profesional hauen egoera zaila lehen eskutik ezagutzeko eta haien jarduera zailtzen duten beste gai batzuen berri jakiteko ere”.